Politika -

Udal Legea

Udalak gehitu nahi dituzte Herri-Dirubideen Euskal Kontseilura

Udalek Herri-Dirubideen Euskal Kontsiluan ordezkapen paritario bat izatea eskatu du Eusko Jaurlaritzak, eta horrela jaso dute Udal Legearen zirriborroan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udalek Herri-Dirubideen Euskal Kontsiluan ordezkapen paritario bat izatea eskatu du Eusko Jaurlaritzak Udal Legearen zirriborroaren bidez; horretarako Lurralde Historikoen Legearen "zati" bat moldatu beharko dute. Helburua da udalen finantziazioa zein izan behar den zehaztea.

Manu Salinero Presidentzia Nagusiko Idazkariak Bilbon egindako prentsaurrekoan azaldu duenez, "udalen adin nagusitasuna lortzea eta Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan udalek ordezkapen eraginkorra izan dezatela da zirriborroaren helburua"; halaber, EAEko hiru erakunde mailen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak) artean "itsulapikoko dirua banatzeko" erabakietan parte hartzeko helburua dauka moldaketa horrek.

Hiru udal ordezkari horiek "udal hauteskundeetan boto gehien lortu dituzten hiru alderdietakoak" izango dira. Alkateak edo zinegotziak izan daitezke.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkari, foru aldundietako beste hiru eta udaletako hiru ordezkari izango lirateke Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan. Erakunderen baten aurkako "erasoa" saihesteko, akordioak gehiengo osoz (5 boto) hartu beharko dituzte, eta gutxienez erakunde bakoitzeko ordezkari baten botoa izan beharko dute.

Salinerok laburbildu duenez, zirriborro horren bitartez, udalen finantziazio-autonomia lortu nahi dute, eta testu osoa negoziagarria dela argitu du. Zirriborroa foru aldundietara eta Eudelera bidali dute jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea