Politika -
2011ko hauteskundeak
Yolanda Barcina, Nafarroako presidente izateko UPNko hautagaia
"Nafarroan guztien artean eraikitzeko borondatea" azaldu du Barcinak, baina "salbuespen bezala, garondoan tiro egitea ogibide gisa hartu dutenek" kanpo utzi ditu.
Erredakzioa
Yolanda Barcina UPNko presidentea Foru Erkidegoko presidentetza eskuratzeko hautagai aukeratu dute gaur bere alderdikideek Kontseilu Politikoan. 2011ko hauteskundeei begira, "Nafarroa zuzentzeko inoiz baino prestatuago" dagoela adierazi du UPNko hautagai berriak.
UPNko Kontseilu Politikoa itxi du gaur Barcinak bere hitzaldiarekin. 200 bat alderdikideren aurrean, emandako konfiantza eskertu du buruzagiak eta duela 30 urte Iruñera heldu zenetik emandako pausoei errepasoa eman dienean hunkitu egin da.
"Nafarroan guztien artean eraikitzeko borondatea" azaldu du Barcinak, baina "salbuespen bezala, garondoan tiro egitea ogibide gisa hartu dutenek" kanpo utzi ditu. "Horiekin eta horiek defendatzen dituztenekin, ezer ere ez. Inoiz ere ez", azpimarratu du Barcinak.
Mezuak
"Demokratikoki defendatzen diren ideologiak errespetatuko" dituela agindu du Barcinak, baina, era berean, UPNrentzako errespetua eskatu du. Horrela, euskal nazionalismoa hizpide izan du, baina zehatz aipatu gabe. "Alboko erkidegotik gozoki bat jan nahi duten umeek bezala begiratzen gaituzte batzuek", ohartarazi du.
Horregatik, honakoa defendatu du Barcinak: "Nafarrak gara besterik ez, eta nafarrak izateagatik, espainiarrak".
Hautagai bezala aukeratu ostean, orain "lan handia egin beharko" duela onartu du Barcinak: "Gure herria modernizatu eta hauteskunde-programarik onena osatu".