Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Lasa: 'Edozeinek merezi du beste aukera bat'

Juan Mari Jaureguiren hiltzaileak "indarkeria utzi eta gaitzetsiz gero" beste aukera bat emango liokeela esan du haren alargunak, Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Betiere indarkeria gaitzetsi eta egindako kaltea onartzen badu, edozeinek merezi du beste aukera bat", esan du Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak.

"Pertsona batek egindako kaltea onartu eta biktimei barkamena eskatuz gero, beste aukera bat eman behar zaiola uste dut, eta hori legeriari jarraituz egiten baldin bada, askoz hobe", adierazi du Lasak Radio Euskadin.

Juan Mari Jaureguiren hiltzailea kartzelatik irtengo balitz bere jarrera zein izango litzatekeen galdetuta, "indarkeria utzi eta gaitzetsiz gero" beste aukera bat emango liokeela esan du haren alargunak. "Juan Mari nirekin bat etorriko litzatekeela uste dut", gaineratu du.

Biktimen ordain osoa "ezinezkoa" dela onartu du, baina "aitortzaren eta justiziaren ikuspuntutik posiblea da; oroimenak eta itxaropenak bizirik iraun behar dute", azaldu du.

"Gauzak aurrera egin eta argia bukaeran ikus dezagun", etorkizunari "ilusio handiz" begiratzen diola adierazi du Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren arduradunak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea