Politika -
Euskadi Eguna
Hasi da Gernikako Estatutuaren 31. urteurrena ospatzeko ekitaldia
EAJk ez du ordezkaritza politikorik izango ospakizunean, instituzionala bakarrik. Iaz bezala, Aralar, EA eta EB ez dira joango. Patxi Lopezek Lan Onari sariak banatuko ditu.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak harrera berezia antolatu du gaurko Estatutuaren 31. urteurrena ospatzeko. Datorren urtetik aurrera, gainera, urriaren 25 jai eguna izango da euskal lan egutegian, Legebiltzarrak "Euskadiko Eguna" izendatu duelako. Txalapartaren doinuarekin hasi da ekitaldia. Africa Baeta ETBko aurpegi ezagunak aurkeztu du Estatutuaren gala.
EAJk, Aralarrek, EAk eta EBk, Estatutua bete gabe egoteagatik ezer ospatzekorik ez dagoela esan arren, Patxi Lopez lehendakariak harrera instituzionala egin zuen iaz urteurrena ospatzeko. Aipatutako alderdi abertzaleak ez ziren ospakizunera joan eta aurten ere ez dira joango.
EAJren kasuan, alderdi jeltzaleak Lopezen gonbidapenari ezetz esan dio berriro ere, nahiz eta duela egun batzuk Gobernuarekin Gernikako Estatutua osorik garatzeko akordioa sinatu.
Iñigo Urkulluren alderdiak Estatutuaren legea "bete gabe" dagoela esaten du. Hori dela eta, Estatutua ospatzen dutenek bere garapena oztopatu duten berberak direla salatu du. Ondorioz, bere alderdiak "ez du ekitaldirik antolatu behar" ospakizun horretara ez joatea justifikatzeko, izan ere, astelehen honetan Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak hitzaldi bat eman eta bere tesia irakurriko du.
Dena den, nahiz eta EAJk ospakizunean ordezkaritza ofizialik ez duen izango, alderdiko hainbat kide ospakizunean egongo dira erakunde ordezkari bezala.
Aralarrek, EAk eta EBk ere ez dute ospakizunerako arrazoirik ikusten eta, iaz bezala, ez dira lehendakariaren harreran izango.
Adierazpenak
Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak esan duenez, "bufoikeria da" ekitaldi honi buruz Andoni Ortuzar BBBeko presidenteak esandakoa. Ortuzarrek esan zuen sozialistek eta ''popularrek'' Gernikako Autonomia Estatutua "kanapeak jatean" ospatuko dutela. Pastorren ustez, "harrigarria da testu horren bultzatzaileetako bat, EAJ, ez ospatzea".
"ETAren terrorismoa hamar urtez luzatu egingo da Zapaterok eta EAJk huts egiten badute". Hauek izan dira Iñaki Oyarzabal EAEko PPko idazkari orokorrak gaur egindako adierazpenak. Datorren urteko hauteskundeak igarota, "PSEk eta EAJk egingo dutenaz" ez da fida Oyarzabal.
Lan Onari sariak
Gaurko ekitaldian Eusko Jaurlaritzak Lan Onari sariak emango ditu. Manu Leguineche idazle eta kazetaria, Imanol Arias aktorea, Maria Luisa Laka euskaltzalea, Javier Ormazabal enpresaria eta Xabi Alonso futbolaria dira aurtengo sarituak.