Politika -

Guardia zibilei epaiketa

Jipoituak izan zirela berretsi dute Portuk eta Sarasolak

Epaiketaren bigarren saioak ikusmin handia piztu eta segurtasun neurriak ere nabarmenak izan dira. Tentsio uneak ere izan dira guardia zibilen eta ETAko presoen lagunen artean epaitegira sartzean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igor Portuk eta Mattin Sarasolak berretsi egin dute auzipetutako guardia zibilek torturatu egin zituztela, gorputz guztian kolpeak eman zizkietela eta heriotza-mehatxuak egin zizkietela.

Tortura delituak leporatutako 15 guardia zibilen kontrako epaiketaren bigarren saioak ikusmin handia piztu du, gaurkoan Portu eta Sarasolak deklaratu behar zutelako. Gainera, tentsio uneak ere izan dira guardia zibilen eta ETAko bi presoen senide eta lagunak epaitegira aldi berean sartzen saiatu direnean.

 

 

Epaiketaren lehen saioan, akusatutako 15 guardia zibilek euren testigantzak eman zituzten eta Portu eta Sarasola torturatu izana ukatu zuten.

Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera, zantzuak daude lau guardia zibili tortura delituak leporatzeko eta beste seiri lesio delituak egozteko; gainerako bost akusatuen kasuan, berriz, inolako deliturik egin ez zutela iritzi dio.

Gauzak horrela, bi auzipeturentzat (sarjentu bat eta kabo bat) hiru urteko kartzela-zigorra eskatu du; beste birentzat (kabo bat eta guardia bat) bi urteko espetxealdia; eta gainerakoentzat (bi teniente, hiru kabo eta guardia bat), 10 egunetako lokalizazio iraunkorra.

Igor Portu eta Mattin Sarasolaren defentsak (akusazio partikularra) 15 guardia zibilei tortura delituak leporatzea eskatu du, beste delitu eta falta batzuen artean. Horrenbestez, 6 eta 17 urte arteko espetxe-zigorrak ezartzea galdegingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea