Politika -

Kataluniako hauteskundeak

Kataluniako presidentearen inbestidura otsailaren 6an izango da beranduenez

Kataluniako Parlamentuko saio osagarriak hauteskundeak egin osteko 20 egun baliodunen baitan izan behar du, hau da, urtarrilaren 23a izango luke muga.

Kataluniako Parlamentua. Artxiboko irudia: EiTB.
Kataluniako Parlamentua. Artxiboko irudia: EiTB.
Kataluniako Parlamentua. Artxiboko irudia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Generalitateko presidente berria (ostegun honetako hauteskundeetatik aterako da) izendatzeko inbestidura saioa, aurreikusitako epe guztiak agortuz gero, otsailaren 6an izango da beranduenez.

Hauteskunde hauen salbuespen egoerek kasu hauen ohiko prozedura aldatzen dute. Espainiako Estatuko Gobernuak deitu ditu lehen aldiz, Konstituzioko 155. artikulua baliatuta, Kataluniako Parlamentuak aldebakarreko independentzia aldarrikatu ostean.

Teorian, Generalitateko presidentea da Parlamentu berria eraikitzeko saioa deitzeko arduraduna, baina Carles Puigdemonten Gobernu osoa kargugabetu ostean, Espainiako Gobernuak du orain erantzukizuna.

Kataluniako Parlamentuko saio osagarriak hauteskundeak egin osteko 20 egun baliodunen barruan izan behar du, hau da, urtarrilaren 23a izango luke epemuga.

Parlamentua osatu eta Ganberako Presidentetza, Mahaiko beste kideez gain, hautatu ondoren, hurrengo hamar egun baliodunetan egin beharko da Generalitateko presidente berriaren inbestidurarako eztabaida; ondorioz, otsailaren 6a izango da epe-muga.

Parlamentuko Presidentetza duen pertsonari dagokio lider parlamentarioekin eztabaidei ekiteko jarduera, inbestidura aurreko egunetan, Kataluniako Ganberako gehiengoaren babesa nork izan ahal duen aztertzeko.

Erabakitakoaren arabera, inbestidura saioa Parlamentuko Presidentetzak proposatutako hautagaiaren hitzaldiarekin hasiko da, eta Parlamentuko talde bakoitzeko buruekin hasiko du eztabaida.

Bi egun eraman ohi dituen eztabaidan amaieran, lehen bozketa egingo dute, eta Generalitateko presidentetza hartuko duenak botoen gehiengo absolutua lortu beharko du; hau da, gutxienez 68, 135 baitira guztira.

Gehiengorik lortu ezean, beste eztabaida bat egin daiteke bi egun geroago, eta bozketa egingo da ondoren, baina bigarren horretan nahikoa da gehiengo soila (aldeko botoak aurkakoak baino gehiago izatea).

Estatutuko 67.3 artikuluaren arabera, inbestidurako lehen bozketatik bi hilabete pasatu direnean presidente berria aukeratu ezinik jarraituz gero, Parlamentua "automatikoki" deseginda geratuko litzateke.

Hori dela eta, Generalitateko jarduneko presidenteak hauteskundeak deitu beharko ditu "berehala", eta 54 egun izango dituzte egiteko.

Egoera horretara iritsi eta aurreikusitako epeak amaituz gero, Parlamentua deseginda geratuko litzateke apirilaren hasieran, eta Katalunian hauteskundeak egingo lirateke maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Berriak Politika Espainiako Gobernua albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Hauteskundeak gaur