Politika -

Bilera sekretua Bilbon

PSE-EEk ukatu egin du Batasunarekin bildu izana

- Egunkari batzuek ziurtatu dute bi alderdiak sekretuan batzartu zirela duela hilabete Bilbon.

- PPk premiazko bilera eskatu dio PSEri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSE-EEko zuzendaritzak ukatu egin du Batasuneko ordezkariekin batzartu izana.

Gaur, Vocento eta Noticias taldeetako egunkariek ziurtatu dute bi alderdiak sekretuan bildu zirela Bilbon duela hilabete, eta horretan ezker abertzaleak bide politikoen aldeko apustua azaldu ziela sozialistei.

Antza denez, Jose Antonio Pastor bozeramaile sozialista, Alfonso Gil PSE-EEko Antolakuntza idazkaria eta Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia ezker abertzaleko buruzagiak izan ziren bileran.

Agiri batean, PSE-EEk azaldu du Sinn Feinekin batzartu zela, baina bilera horretan ez zegoela ezker abertzalearen ordezkaririk.

Hori horrela, sozialistek "berretsi" egin dute "irmotasun demokratikoaren jarrera", horrek egin baitu posible "ezker abertzalea mugitzen hastea".

Halaber, bide horretan segitzea "beharrezkoa" dela adierazi dute, "alderdi demokratikoen batasuna oinarri hartuta, ezker abertzale horrek pausoak ematen jarri dezan, gainerakoei ezer exijitu barik".

PPk premiazko bilera eskatu dio PSEri, gertatutakoa argitzeko.

Irungo alkateak "zuhurtzia" eskatu du

Bere aldetik, Jose Antonio Santano Irungo alkate eta PSEren udal politikako arduradunak adierazi du ez duela inolako bileraren berririk, eta "zuhurtzia" eskatu du. Izan ere, bere esanetan, unea "administratu" beharra dago, "maila erakutsita" eta "eskuzabal izanda".

ETB-2n egin dioten elkarrizketan, buruzagi sozialistak esan du "zarata handia" eta "itxaropenak" daudela, "terrorismoaren amaieraren atarian" baikaude.

Blanco: "Albisteak ez du eraginik izango PSE-PP itunean"

Jose Blancok ere errefusatu du bilera, eta Batasunaren eta ETAren mugimenduen inguruan "zarata gehiegi" dagoela adierazi du.

"Ez da bilerarik izan", nabarmendu du Blancok, eta alderdiaren jarrera oso argia dela gogorarazi du: "Ez dago ezer hitz egiteko Batasunarekin".

Halaber, ministroak baztertu egin du informazio hauek eraginik izatea PSEk PPrekin sinatutako gobernagarritasun akordioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea