Politika -
Arturo Cubillas auzia
Arturo Cubillasen bi euskal abokatu atxilotu dituzte Venezuelan
Bi emakumeak atzo joan ziren Venezuelara Arturo Cubillasen defentsa prestatzeko asmoz. Abokatuak non dauden ez dute argitu eta litekeena da datozen orduetan Venezuelatik kanporatzea.
Erredakzioa
Arturo Cubillasen aholkulari legalak gaur jakitera eman duenez, Euskal Herritik Venezuela joan diren bi abokatu atxilotu zituzten atzo, Maiquetiako aireportuan, Caracasetik 30 bat kilometrora.
"Heldu eta berehala atxiki zituzten, ez zuten immigrazioko kontrol-gunea ere pasatu", azaldu du Marino Alvarado abokatuak. Herritarren Defendatzailearengana jo du bi emakumeak nora eraman dituzten argitzea eskatzeko. Abokatuetako bat Edurne Iriondo dela adierazi du, baina bigarrenaren nortasuna ezagutzen ez duela erantsi du. Atzo, 15:30 inguruan (20:00 GMT) iritsi ziren Venezuelara, Air France konpainiaren hegaldi batean. Alvaradok ez du baztertu bi abokatuak Venezuelako zerbitzu sekretuen (SEBIN) esku egotea. Biak kanporatuak izan daitezkeela ere iritzi dio.
Arturo Cubillasen aurka Auzitegi Nazionalak prozesu judiziala ireki zuen, ETA erakundea eta FARC gerrilaren arteko ustezko loturen harira zabaldutako ikerketaren baitan.
Cubillasek auzi horretan parte izatea eskatu zuen Jone Goirizelaiak, Alfonso Zenonek, Beatriz Ilardiak, Ainhoa Bagliettok eta Edurne Iriondok osatzen duten abokatu-taldearen bidez. Eloy Velasco epaileak, baina, atzera bota zuen eskaera hori. Marino Alvaradok nabarmendu duenez, jarraitu beharreko estrategia judiziala prestatzeko asmoz joan ziren bi abokatuak Venezuelara eta haien atxiloketak "Arturo Cubillasen defentsarako eskubidea oztopatuko du".
Zitazioak Venezuelan eta Espainian
Venezuelako Fiskaltzak azaroaren 2rako deitu du deklaratzera Arturo Cubillas. Cubillasek berak eskatu zuen joan den urriaren 11an ikertua izatea, bere aurkako akusazioen aurrean "babesik gabe" zegoela argudiatuta. ETAko bi ustezko kideri lehergailuak erabiltzeko ikastaro bat eman izana leporatzen dio Espainiako Justiziak.
Joan den asteazkenean, Eloy Velasco epaileak datorren abenduaren 14rako deitu zuen deklaratzera Cubillas, auzipetu bezala. Telesur kateak bere webgunean gaur argitaratu duen elkarrizketa batean, Cubillasek berriro azpimarratu du akusazio horiek faltsuak direla eta "guztia muntaia mediatikoa" dela salatu du. "Inoiz ez naiz FARCen kanpamendu baten egon eta inoiz ez diot inori entrenamendurik eman", berretsi du.
Horrez gain, erabat ziur agertu da Venezuelako hiritartasuna kenduko ez diotela, erabaki hori herrialde horretako agintariek hartu beharko dutela onartu arren. Bestalde, Venezuelako fiskalburuak eta Hugo Chavezen Gobernuko kideek adierazi dute Cubillas estraditatzea ezinezkoa dela, Venezuelako hiritartasuna daukalako.