Politika -

Proiektuak

Txominenea eta AHTaren geltokia, Donostiak 2018rako dituen erronka nagusien artean

Garraio publiko elektrikoa sustatzeko Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin lan-hitzarmena egingo duela iragarri du Eneko Goia alkateak.

Eneko Goia Donostiako alkatea. Argazkia: EiTB
Eneko Goia Donostiako alkatea. Argazkia: EiTB
Eneko Goia Donostiako alkatea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Goia Donostiako alkateak esan du Txomineneko hiri garapena, garraio publiko elektrikoa, Euskotrenen erdiguneko pasabidea, auzoetako "hobekuntzak" eta abiadura handiko trenaren geltokia direla 2018rako "erronka" nagusietako batzuk.

Goiak Donostian emandako prentsaurreko batean azpimarratu duenez, "2017a urte ona eta emankorra izan da hiriarentzat", eta "hazten jarraitzen du". "Hiri erakargarria da, nazioartean ondo kokatua, eta erakarpen gaitasuna duena", Goiaren esanetan.

Aurtengo proiektu nagusiei erreferentzia egitean, Txomin Eneko hiri garapenaren lehenengo faseari "azken bultzada" ematea eta Martuteneko espetxea lekualdatzeko Espainiako Barne Ministerioaren “konpromisoa lortzea” aipatu ditu. Horren harira, hilaren 10ean Espetxe Idazkaritza Nagusiko ordezkariekin bilduko omen da Madrilen lekualdatze hori "zehazteko", Txominenearen bigarren fasea abiatzeko "premiazkoa" delako.

Loiolako kuartelen harira, Defentsa Ministerioaren lekualdatze proposamena "ekonomikoki" ez dela bideragarria esan du, "kostua zero izatea" delako Espainiako Gobernuaren baldintza.

Bestalde, Goiak esan du 2018 "mugarri" izango dela "Bretxako Arrandegia eraikinarentzat", eraikina merkatu, anbulatorio eta kiroldegi bihurtzeko lanetarako prestatzeko lanak hasiko baitira. Era berean, Jolastokietako lanekin jarraituko dute; Mundaiz, Onkologikoa eta Illarrako hiri egitasmoak sustatuko dituzte; San Bartolome Muinoa hirigintza prozesua amaituko da, eta lehenengo etxebizitzak martxan jarriko dituzte.

Gainera, Goiak esan du Sagues amaitzeko proiektu bat bultzatuko dutela eta Altzako kiroldegiaren eraikuntza lanek jarraitu egingo dutela. Azken horri dagokionez, "udazkenean martxan izango da" behin behineko kiroldegia Eraikuntza Institutu zaharrean.

Garraio publiko elektrikoaren alorrean, lan-hitzarmena egingo omen du Udalak Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin "hiriko garraio publikoa elektrikotzeko".

Turismoa

Goiak "turismo iraunkorraren aldeko" apustua berretsi du, eta horretarako, "apartamentu turistikoen fenomenoa ordenatu" nahi du arau berri baten bitartez, eta Udalari etxebizitza horiek "gehiago eta hobeto kontrolatzeko" baliabideak emanda. Gainera, Munduko Turismo Erakundearen Kontseiluak maiatzeko bilera hirian egin duela iragarri du.

Auzoak

Bestalde, alkateak gogorarazi du udal aurrekontuak Ekialdeko barrutia, Parte Zaharreko egitasmoaren neurriak, eta hiriko gainerako auzoetako "hobekuntzetarako" inbertsioak martxan jartzea aurreikusten duela.

Azken horien artean, Amarako Carlos I.a hobetzeko bigarren fasea, Morlans-Aieteko igogailua martxan jartzea, Loiola bulebarizatzea, Larratxoko eta Erregezainen kaleko igogailuak, Aieteko anbulatorio berriaren proiektuari "bultzada" ematea, Herrera eta Trintxerpe lotzeko lanak, Anoeta berritzea, Euskotrenen erdiguneko pasabidea eta AHTren geltokia egiteko lanen esleipena, "urte amaieran", aipatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala albisteak Politika albisteak Donostia Euskal hiriburuak Eneko Goia argazkiak Gaurko azken orduko albistea Donostiako Alde Zaharreko albisteak Euskal Y