Politika -
KATALUNIA
Auzitegi Gorenak gaur aztertuko du Oriol Junqueras aske utzi ala ez
Diputatu hautatua dela eta ihes egiteko eta delitua errepikatzeko arriskurik ez dagoela argudiatuko du defentsa abokatuak. Fiskaltzak, berriz, espetxean jarraitzea eskatuko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak gaur aztertuko du Oriol Junqueras Generalitateko presidenteorde kargugabetua libre uzteko eskaera. Defentsak ERCko buruaren askatasuna eskatuko du; Fiskaltzak, ez. Azkenean Gorenak Junqueras kartzelan mantentzea erabakiko balu, Kataluniako kartzela batera eramatea eskatuko du defentsak Parlamentuko saioetara joateko aukera izan dezan. Ziurrenera, datozen egunetan ezagutuko da azken erabakia.
Saioa 10:30ean hasiko da eta ateak itxita egingo da Goreneko Zigor Aretoko hiru epaileren aurrean. Berak eskatu bezala, Oriol Junqueras Estremerako kartzelatik Auzitegi Gorenera eramango dute; alabaina, Andreu Van den Eynde defentsa abokatuak azalduko ditu aske gelditzeko arrazoiak. ERCko burua asa den azaroaren 2az geroztik dago kartzelan.
Atzo defentsa abokatuak Catalunya Radion eskainitako elkarrizketan aurreratu zuenez, Junquerasen eskubide pertsonal eta kolektiboen defentsa egingo du eta abenduaren 21eko Kataluniako hauteskundeetan herritarrek hautatu zutela argudiatuko du.
Van den Eyde defentsa abokatua ez da oso baikorra Gorenaren erabakiari begira, nahiz eta Junqueras aske uzteko nahikoa arrazoi daudela uste duen. Dena den eta azkenean Gorenak Oriol Junqueras espetxean mantentzea erabakitzen badu, Estremeratik Kataluniako kartzela batera eramatea eskatuko du haren defentsak, Parlamentuko saioetan parte hartzeko aukera izan dezan.
Bestalde, Fiskaltza eta akusazio partikularra Oriol Junqueras kartzelan mantentzearen alde agertuko dira, delitua errepikatzeko arriskua dagoela iritzita.
Goreneko iturrien arabera, apelazio aretoko hiru epaileek datozen egunetan hartuko dute azken erabakia.
ERCk eta erakunde subiranistek Junquerasi babesa eskainiko diote
Bestalde, ERC eta erakunde subiranistek beren babesa eskainiko diote Oriol Junquerasi hainbat mobilizaziotan. ERCko hainbat alderdikide Auzitegi Gorenaren aurrean elkartuko dira 10:00etatik aurrera, saioa hasi baino ordu erdi lehenago. Horrez gain, ANC eta Omnium Cultural erakundeek kontzentrazioa deitu dute Bartzelonako Sant Vicenç dels Horts udalerrian, hain zuzen ere, Junqueras alkate izan zen eta bizi den udalerrian.