Politika -
18/98
Joxean Etxeberria, 18/98 sumarioko azken presoa, aske gelditu da
Baltasar Garzon epaileak 'Dena ETA da' tesiaren baitan gidatu zuen 18/98 sumarioan zigortu zuten. 12 urteko kartzela zigorra bete ostean aterako da Soriako kartzelatik.
EITB.EUS | ERREDAKZIOA
Joxean Etxeberria presoa gaur atera da Soriako kartzelatik 12 urteko kartzela zigorra bete ostean. Baltasar Garzon epaileak "Dena ETA da" tesiaren baitan gidatu zuen 18/98 sumarioan zigortu zuten, ETAko kide eta ETAri lotutako enpresatan ardurak izatea leporatuta.
Goizeko presoen zenbaketa egin ondoren, 08:00etatik aurrera, aske gelditu da.
Senide eta lagunak Soriako kartzela atarira gerturatu dira, eta Kalera Kalera dinamikak jakinarazi duenez, Oiartzunen egingo diote harrera.
Kartzelatik atera berritan Joxean Etxeberriak Euskadi Irratiari esan dioenez, "urduri" eta "etxera iristeko gogoarekin dago".
Azken urtean Nekane Txapartegi ere aske gelditu da, delitua preskribatutzat eman ostean. Halaber, Karlos Trenor abokatu donostiarra pasa den abenduaren 28an atera zen Puerto Realgo kartzelatik, bederatzi urteren ostean. Joxean Etxeberria Euskal Herritarrokeko batzarkide ohiaren irteerarekin, kalean dira 18/98 makrosumarioan zigortutako 38 pertsonak.
Auzia 1998ko uztailaren 15ean hasi zen Baltasar Garzon epailearen aginduz Egin egunkaria eta Egin irratia itxi zituztenean. Zazpi urte geroago hasi zen urte eta erdi iraun zuen epaiketa. Guztira, 47 pertsona auzipetu zituzten; gerora, 9 pertsona absolbitu egin zituzten eta gainerakoei 12 urte arteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten.
Aipatutako horiez gain, zigortutakoen artean zeuden, besteak beste, Jesus Mari Zalakain, Xabier Salutregi, Teresa Toda, Xabier Alegria edota Jose Luis Elkoro.