Politika -
Adierazpenak
Agus Hernan: 'Egindako mina onartzeko prest daude presoak'
Presoak espetxetik ateratzeko 'zentzuzko epeak' izango dituen bide orria egiteko prest dagoela jakinarazi dio EPPK-k Foro Sozialari.
eitb.eus
Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak Radio Euskadin azaldu duenez, "egindako mina onartzeko ez ezik, biktimekin hitz egiteko testuinguru egokiak ezartzeko prest ere agertu da" Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK). Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan adierazitakoaren arabera, Jon Olarra Guridi presoen kolektiboko bozeramaileetako batekin bildu dira Granadako kartzelan. EPPK-k Foro Soziala alderdi politikoekin eta Hegoalde sindikatuarekin izaten ari den elkarrizketetan parte hartzeko duen borondatea erakutsi duela zehaztu du. "Taldeak kolektibo gisa duen asmoa oso garbi geratu da", gaineratu du Hernanek. Hala, presoak espetxetik ateratzeko "zentzuzko epeak dituen bide orri" baten aldeko iritzia erakutsi du EPPK-k.
Hernanen esanetan, "biktimekin adostutako elkarrizketa marko batean onartuko lukete egindako mina; hitz egitea helburu duten markoetan, elkarri ezer leporatu gabe". Esate baterako, herrietako elkarbizitza foroak ipini ditu adibide gisa, Errenterian eta Lasarten garatu dituzten esperientziak, kasu. "Marko egokiez hitz egiten dutenean, 'Nanclares bidean' izandako topaketak baztertu dituzte", zehaztu du.
Horrez gain, presoak espetxe-onurez gozatzeko urratsak ematen ari direla jakinarazi dio EPPK-k Foro Sozialari. "Hogei kartzelatan baino gehiagotan eskatu dute espetxean bertan lan egitea", azpimarratu du Hernanek; "orain arte aukeratu ez duten bidea, alegia". Halaber, preso gehienek lehen gradutik bigarrenera igarotzeko aukera eskatu dutela azaldu du, nahiz eta eskariak ez dizkieten onartu.
Azkenik, Agus Hernanek iragarri duenez, mahai-ingurua antolatu dute ostegunean Bilboko Abokatuen Elkargoan, 'Espetxe-politika berria, garai berri baterako' lelopean, eta EAEko alderdi guztiak gonbidatu dituzte. PPren erantzunaren zain, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiek hartuko dute bertan parte.