Politika -

Agerraldia Kongresuan

Ratok Zapateroren Gobernua egin du finantza krisiaren erantzule

Bankiaren porrota ere De Guindos Ekonomia ministroari leporatu dio Aznarren garaian ekonomia gaietan arduradun nagusia izan zenak.

Rato, agerraldiaren une batean. Argazkia: EFE
Rodrigo Rato. EFE
Rato, agerraldiaren une batean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodrigo Rato Jose Maria Aznarren garaian Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Ekonomia ministro izandakoak Zapateroren Gobernua egin du finantza krisiaren erantzule. Ratoren esanetan, Jose Luis Rodriguez Zapateroren exekutiboak entzungor egin zien Nazioarteko Diru Funtsak Espainiari egindako gomendioei.

Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari kudeatzaile ere izan zenak agerraldia egin du gaur Kongresuan, finantza krisia, bankuen erreskatea eta aurrezki kutxen porrotak ikertzen dituen batzordean. Diputatuek egindako kritika oro baztertu du, eta 1996-2004 urteen artean Espainiako Gobernuak bere gidaritzapean garatutako politikoa ekonomikoa defendatu du.

Deitoratu duenez, Zapateroren Gobernuak ez zituen egin beharreko egiturazko erreformak burutu eta ez zien jaramonik egin Nazioarteko Diru Funtsaren ohartarazpenei.

Ratoren esanetan, gobernu sozialistak ez zituen beharrezkoak ziren neurri ekonomikoak indarrean jarri. Besteak beste, aurrezki kutxen legea aldatu behar zuen, eta kreditu-burbuila saihesteko erreformak abian jarri.

Gogorarazi duenez, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) aurrezki kutxen inguruko txosten bat egin zuen 2006an, eta bertan finantza erakunde horiek profesionalizatzea eta kapitalen merkatura irekitzea gomendatu zuen. Zapateroren Gobernuak, "zoritxarrez", ez zuen jaramonik egin.

Urte bat geroago, 2007an, beste ohartarazpen bat egin zion nazioarteko erakundeak Espainiari, eta orduan ere "entzungor" egin zuen gobernu sozialistak.

Bankia

Bankiaren porrotari buruz ere galdetu diote Ratori, finantza erakunde horren presidente izan baitzen 2010etik 2012ra. Gai horretan ere ez du ardura bakar bat ere onartu, eta Luis De Guindos Ekonomia ministroari eta FROB erreskate funtsari leporatu dio kiebra. Azaldu duenez,  De Guindosek Espainiako bankari nagusiei —"Bankiaren lehiakide nagusienei"— eskatu zien nazionalizatu eta gero Bankiak beharko lituzkeen hornidurak kalkulatzea, eta erreskatea eta gero, banketxe horiek izan ziren "onuradun nagusiak".

Bankari horiekin egindako batzarretan ez zen Espainiako Bankuko ordezkaririk izan, Ratok zehaztu duenez. "Uste dut informazio hori ezkutatu egin ziotela", erantsi du.

Agerraldian argitu duenez, De Guindosek 2012ko maiatzean eskatu zion dimisioa. Ratoren esanetan, Espainiako bankari nagusiekin —Emilio Botin, Francisco Gonzalez eta Isidro Faine, hurrenez hurren, Banco Santander, BBVA eta CaixaBank banketxeetako presidenteak—  egindako bilera batean eskatu omen zion kargua uztea.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Politika albisteak PSOE Alderdi Popularra Alderdi politikoak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak