Politika -
Giza Eskubideen Auzitegia
Espainiak ez zuen eskubiderik urratu 'Lasa-Zabala' auziaren epaiketan
Hilketa bi horien harira zigortutako guardia zibilek helegitea aurkeztu zuten, besteak beste, "defentsarako eskubidea" urratu zela esanez. Estrasburgoko Auzitegiak epaiketa bidezkoa izan zela dio.
Erredakzioa
Estrasburgok ebatzi du Espainiak ez zuela urratu Giza Eskubideen Europako Ituna Joxean Lasa eta Joxi Zabala ETAko ustezko kideen bahiketaren eta hilketaren epaiketan.
Horrenbestez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak baztertu egin du zigortutako guardia zibilek aurkeztutako helegitea, errugabetasun-presuntzioa urratu zietela argudiatu baitzuten.
Angel Vaquero, Enrique Dorado eta Felipe Bayo guardia zibil ohiek, Enrique Rodriguez Galindo jeneral izandakoak eta Julen Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibil ohiak hiru helegite aurkeztu zituzten 2003. urtean.
Estrasburgeko Auzitegiak gaur ondorioztatu duenez, Espainiak ez zituen Giza-eskubideen Hitzarmeneko 6.1. artikulua (bidezko epaiketa izateko eskubidea), 6.2. artikulua (errugabetasun-presuntzioa) eta 6.3. artikulua (defentsarako eskubidea) urratu.
Bost zigortuen iritzian, "errugabetasun-presuntzioa" eta "defentsarako eskubidea" urratu ziren epaiketan. Bostei 67 eta 71 urte arteko kartzela-zigorrak ezarri zizkieten Lasa eta Zabala bahitzea eta hiltzea leporatuta.
Lasa eta Zabala bahitu eta hiltzeagatik auzipetu eta zigortutako bost lagunak aske daude.