Politika -
50.000 euroko bermepean
Segiren ustezko nazioarteko arduraduna aske utzi dute
Uberka Bravo Corral urriaren 12an atxilotu zuten Hendaian. Iragan astean estraditatu ostean, Auzitegi Nazionalak fidantzapean aske uztea erabaki du.
Erredakzioa
Uberka Bravo Corral Segiren ustezko nazioarteko arduraduna aske utzi dute gaur 50.000 euroko fidantzapean, Askatasuna euskal presoen babeserako elkarteak jakitera eman duenez.
Bravo urriaren 12an atxilotu zuten Hendaian, Askapenako zazpi kide atxilotu ostean. Ezker abertzalearen nazioarteko egituraren parte izatea egotzi zioten Askapenari.
Segiko nazioarteko egituraren arduradun nagusia izatea leporatu zion Poliziak. Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua onartu zuen Frantziako Justiziak urriaren 27an. Era berean, aske uztea onartu zuen, baina zaintzapean.
Iragan astean estraditatu ostean, Auzitegi Nazionalak fidantzapean aske uztea erabaki du gaur, baina astero sinatu beharko du epaitegietan.