Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ares: 'EAJ Gobernuan egongo balitz, ez luke Estatutuaren alde egingo'
Aresek uste du EAJ eraginkorragoa dela oposizioan, Jaurlaritzan egongo balitz "egitasmo soberanisten" alde egingo lukeelako. Horrez gain, Batasunak erabakiak hartzen jarraitu behar duela esan du.
Radio Euskadi
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du EAJren baitan jarrera "harroputzak" existitzen direla. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren memorien inguruko liburuan, Patxi Lopezen Jaurlaritzak "azken 15 urteotan eraikitakoa baztertu" egin duela eta PSEren exekutiboa PPren "menpe" dagoela aipatzen da. Horrez gain, Patxi Lopezen Jaurlaritza, "demokrazia aurreko garaietan bezala", Herrizaingo sailburuak "koordinatzen" duela kritikatzen du.
Aresen esanetan, "Ibarretxeren adierazpen hauek agerian uzten dute EAJ eraginkorragoa dela oposizioan, Gobernuan baino; izan ere, hausnarketa horiek aintzat hartuta, argi dago Jaurlaritza EAJ eta Ibarretxeren esku egongo balitz, proiektu soberanisten alde egongo litzakeela, Estatutuaren garapenaren aldeko apustua egiten baino".
Gauzak horrela, Aresek uste du "logikoa" dela pentsatzea euskal gizartearentzat "komenigarriagoa" dela EAJ oposizioan egotean, Jaurlaritzan barik.
Mugimenduak ezker abertzalean
Ezker abertzalearen baitan ematen ari diren mugimenduen harira, Rodolfo Aresek adierazi du politikara "modu legalean" itzultzeko "urratsak" ematen ari direla, baina "oraindik erabaki gehiago" hartu behar dituztela. Bitartean, alderdi politikoei eta erakundeei ezker abertzalearekin "zorrotzak" izateko deia egin die, ematen dituzten pausoetan "atzera bueltarik ez" dagoela pentsatzeko "ziurtasun osoa" izan arte.
Aresen iritzian, "badirudi ETAk armak uzteko asmorik ez duela, beraz, ezker abertzalea izan beharko da indarkeriatik betirako urruntzen dena, politika egin nahi badute".
Bestalde, PSE-PP itunaren egoera aztertzeko Alderdi Popularrak egindako eskaeraren harira, bilera hori egin egingo dela esan du, baina batzar hori deitzen den lehen aldia ez dela nabarmendu du eta "ezer berrestea" beharrezkoa izango ez dela adierazi du, "terrorismoaren kontrako politikari dagokionez, Jaurlaritzaren jarrera betikoa delako".