Politika -
Biktimen eguna
Oroimenaren Eguna ospatuko dute EAEko erakundeek datorren asteazkenean
Atentatuen ondorioz biktimarik egon ez den egun bakarra da egutegian. Egunean zehar hainbat ekitaldi egingo dituzte.
Erredakzioa
Terrorismoaren biktimak gogoratzeko Oroimenaren Eguna ospatuko dute EAEko erakunde guztiek datorren asteko asteazkenean, hilak 10. Atentatuen ondorioz biktimarik egon ez den egun bakarra da egutegian.
Eusko Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordeak erabaki zuen data, "egun horretan urteurrenik ez dugulako ospatu behar".
Egun horretan "biktima guztiak" gogoratuko dituzte, "salbuespenik gabe", bai ETArenak, "egun aktiboan jarraitzen duen talde terrorista bakarra delako", eta baita beste talde batzuenak ere. EAEko hainbat tokitan ekimenak egingo dituzte datorren asteazkenean. Egunari hasiera emateko, goizeko 10:00etan, Patxi Lopez lehendakariak Agustín Ibarrolaren eskultura bat inauguratuko du Gasteizko Ajuria Enea Jauregian. Lehendakariarekin batera, biktimen elkarteek eta senideek ekimenean parte hartuko dute. Beranduago, 11:30etan, osoko bilkura berezia egingo dute Eusko Legebiltzarrean. Talde guztiek adostutako testua irakurriko dute Legebiltzarrean. Dokumentu hori EAEko Batzar Nagusietan ere irakurriko dute eguerdian, eta arratsaldean Euskadiko udaletan onartu egingo da. Arratsaldeko 13:30etan, Arkauteko akademiak atentatuetan hil diren edo zaurituak izan diren ertzainak gogoratuko ditu. Arratsaldeko ekimen garrantzitsuena Andoainen egingo dute. Herri horretakoak ziren Jose Luis Lopez Lacalle edota Joseba Pagazartundua ETAren biktimak, baita beste batzuk ere. Omenaldia 19:30etan hasiko da Jose Luis Lopez Lacalle parkean. Patxi Lopez lehendakaria bertan izango da, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuarekin edota Maixabel Lasa Jaurlaritzako Biktimen Bulegoko zuzendariarekin batera. Gotzon Etxeberria tokiko artistaren ''Askatasunari'' eskultura ere inauguratuko dute.