Politika -

NAFARROAKO PARLAMENTUA

1978ko sanferminei buruzko artxiboak desklasifikatzeko eskatu diote Gobernuari

UPNk bat egin du Nafarroako Gobernua sustengatzen duten laukoak eta PSNk aurkeztutako mozioarekin; PP, ostera, abstenitu egin da. Poliziak German Rodriguez hil zuen, tiroz, 1978ko uztailaren 8an.

Nafarroako Parlamentua, hutsik. Artxiboko argazkia: Nafarroako Parlamentua.
Nafarroako Parlamentua, hutsik. Artxiboko argazkia: Nafarroako Parlamentua.
Nafarroako Parlamentua, hutsik. Artxiboko argazkia: Nafarroako Parlamentua.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Parlamentuak 1978ko sanferminetan izandako gertaerei buruzko artxiboak desklasifikatzeko eskatu dio ostegun honetan Espainiako Gobernuari. Urte hartan, Poliziak German Rodriguez iruindarra hil zuen, tiroz, eta beste hamar pertsona zauritu zituen balaz. UPNk bere babesa agertu dio Nafarroako Gobernua sustengatzen duen laukoak eta PSNk aurkeztutako mozioari; PP, berriz, abstenitu egin da.

Aurrera atera den mozioan, 1978ko sanferminetako gertaerei lotuta Estatuko Administrazioan dauden dokumentu, informazio, datu eta objektu guztiak desklasifikatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta mozio hori Ministroen Kontseiluari bidaltzeko.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak deitoratu duenez, ia 40 urte geroago oraindik ere "itxita" jarraitzen dute gertaera haiei buruzko dokumentu ofizialek. Gertaturikoa "estaltzeko" interes politikoa egon zela salatu ostean, orain beste pauso bat eman eta biktimen erreparazioa egiteko garaia dela azpimarratu du.

Iñaki Iriarte erregionalista (UPN) ere ebazpenaren alde mintzatu da. "Germanen senideentzat terrorismoaren biktima ororentzat eskatzen dugun gauza bera eskatzen dugu: egia, justizia eta erreparazioa", adierazi du. Hala ere, 1978a Germanen urtea ez bihurtzen saiatzeko galdegin du, biktima gehiago egon baitziren.

Geroa Baiko bozeramaile den Koldo Martinezek "egia, justizia eta erreparazioa" eskatu du biktima guztientzat, "baita Germanen aurrekoentzat eta ondorengoentzat ere".

Laura Perez Ahal Duguko parlamentariaren esanetan, bere burua demokratatzat duen alderdi bakar batek ere ezin du justifikatu "basakeria" haren arduradunak babesten jarraitzea.

Inma Jurio sozialistaren hitzetan, jardun hori zerk eragin zuen eta nola gertatu zen argitzea zor diete "aitortza eta erreparazioa merezi duten horiei". "Jendarte demokratiko batek bere biktimak aitortu behar ditu", gaineratu du.

Azkenik, Ana Beltran popularrak PPNren abstentzioa justifikatu du, gaia Nafarroako Parlamentuaren eskumena ez dela argudiatuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak UPN Albisteak PSN Geroa Bai Nafarroako albisteak San Fermin jaiak Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Gipuzkoa Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Nafarroako Parlamentuko albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Gerra Zibileko biktimak Nafarroako PP gaur