Politika -
NAFARROA
Nafarroako Justiziak atzera bota du euskararen dekretua kautelaz eteteko helegitea
Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, salaketa jarri zuen Afapna sindikatuak ez du frogatu dekretua aplikatzeak eragingo lituzkeen balizko kalteak zein diren. Beraz, dekretuak indarrean segituko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez du onartu Nafarroako administrazioan euskararen erabilera arautzen duen dekretua kautelaz bertan behera uztea eskatzeko Afapna (Nafarroako Administrazio Publikoetako Funtzionarioen Elkartea) sindikatuak aurkeztutako helegitea.
Foru Gobernuak azaroaren 15ean onartu zuen Nafarroako administrazioan eta horren baitako erakunde publiko guztietan euskararen erabilera arautzen duen dekretua.
Dekretu horren aurrean, Afapna sindikatuak dekretua kautelaz eteteko eskatu zuen, eta euskararen foru dekretuaren kontrako helegitea jarri zuen gero UGT eta SPA sindikatuekin elkarlanean.
Justizia Auzitegi Nagusiak bere autoan dioenez, helegitea jarri duen sindikatuak ez du dekretua indarrean jartzeak eragingo lituzkeen "kalte konponezinak" erakusteko frogarik aurkeztu.
Auzitegiak gaineratu duenez, eragindako balizko kalteak edozein ekintza administratibori dagozkionak dira. Auzitegiak, dena den, ez du auzitan jarri helegitea bera eta, horrenbestez, erabaki horrek bere bidea egiten jarraituko du.