Politika -
Bilbo
Confebaskek eta EH Bilduk 'normalizatutako harreman zikloa' abiatu dute
EH Bilduko koordinatzaile nagusi izendatu zutenez gero, euskal patronalarekin biltzen den lehen aldia izan da Otegirentzat.
Agentziak | Erredakzioa
Confebask Euskal Enpresarien Konfederakuntzako ordezkariek EH Bilduko hainbat kide hartu dituzte erakundeak Bilbon duen egoitzan, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia buru zela. "Zintzotasun" giroan egin dute bilera, eta "normalizatutako harreman zikloa" abiatu dutela azaldu dute bi aldeek.
Otegi ez ezik, Maddalen Iriarte (EH Bilduren bozeramailea Eusko Legebiltzarren), Iker Casanova eta Leire Pinedo joan dira bilkurara. Confebasketik, berriz, Roberto Larrañaga euskal enpresarien presidentea, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia, Jon Bilbao lan eta justizia arloko burua, Asier Aloria Formakuntza arduraduna eta Pedro Garcia Larragan Komunikazio zuzendaria izan dira.
EH Bilduk bilerak eskatu ditu "politika, ekonomia, sindikatu eta gizarte" arloko eragileekin, "egoera politikoa eta ekonomikoa aztertzeaz gain, herriak dituen erronkei aurre egiteko irtenbideak bilatzeko". Harreman erronda horren baitan aztertu du bilera koalizio abertzaleak ohar baten bidez.
Bilera "zintzotasun giroan" egin dutela azaldu du. Halaber, "bi eragileen artean normalizatutako harreman zikloa abiatu" dela berretsi du. Izan ere, EH Bilduren esanetan, "euskal herritarrek behar dituzten konponbideak bilatzeko bilerak egiten jarraitzeko borondatea" agertu dute.
Alabaina, bi ordezkaritzek ikuspegi kontrajarriak erakutsi dituzte Euskadiko lan merkatuaren eta kontratuen inguruan.
"Espainiako estatuak zentralizaziorako duen borondatea ikusita", kezka azaldu die Otegiren alderdiak enpresariei. Hori dela eta, "autogobernu eta subiranotasun maila handiagoa" aldarrikatu du, "euskal ekonomia zein bizi baldintzak hobetzeko eta indartzeko".
Confebasken aburuz, "errespetu eta zintzotasun giroan" egin dute bilera, patronalak bilera eskatu eta gizarte zein ekonomia gaiei buruzko iritzia galdetzen dien alderdi guztiekin duten "normaltasun instituzionalaren baitan".