Politika -
Sari banaketa
Lolita Chavezek jaso du Ignacio Ellacuria Saria, giza eskubideen defentsagatik
Guatemalako aktibistak lurrak babesten eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko zuzentasunaren borrokan egindako lana nabarmendu du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak Guatemalako maien Ki'che herriaren liderra den Lolita Chavez ekintzaileari eman dio 2017ko Ignacio Ellacuria garapenerako lankidetzaren saria, giza eskubideen defentsagatik, bereziki emakumeenak eta herri indigenenak.
Mugarik Gabe garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak proposatu zuen Lolita Chavezen hautagaitza, eta epaimahaiak saritu du "bizitza eta bere balioekin zintzoa den gizarte bat eraikitzeko lurraldea defendatzeko egindako borrokarengatik eta giza eskubideak eskuzabaltasunez aldezteagatik". Guatemalako aktibistak lurrak babesten eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko zuzentasunaren borrokan egindako lana nabarmendu du lehendakariak.
Iñigo Urkulluk eman dio Lolita Chavezi Ignacio Ellacuria Saria. EFE
"Biktimak gogoratzen ditugu, giza eskubideak urratu dituztenen biktima guztiak. Lehenik eta behin ohoratzeko, baita giza ohorea eraikitze ideologiko, erlijioso edota politikoaren mendean jarri dutenak egin dutela nabarmentzeko ere. Horregatik, garrantzitsua da beti giza ohoreari eta giza eskubideei hierarkikoki balore handiagoa ematea", adierazi du Urkulluk.
Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuria Saria Eusko Jaurlaritzak ematen du, Elankidetza Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez. Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta pertsona indibidualek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko borrokan eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea du helburu, euskal gizartea eta nazioarteko gizartea sentsibilizatze aldera.
Epaimahaiaren arabera, giza eskubideen alde eta, bereziki, Guatemalako herri indigenen eta emakumeen alde egindako lanarengatik nabarmendu da Chavez. Hain zuzen ere, 87 komunitate biltzen dituen Pueblos K'iche' por la Defensa de la Vida, la Madre Naturaleza, la Tierra y el Territorio (CPK) delako kontseiluan egiten duen lanaren ondorioz istilu ugari izan ditu Guatemalako Gobernuarekin, bere bizitza arriskuan jartzeraino, eta horren ondorioz 2017ko ekainetik Euskadin bizi da Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Baterako Babesteko Programaren babesean.