Politika -
Helegitea jarri ostean
Zornotzak Txiki-Otaegi kalearen izena kendu beharko du
Epaile baten ustez, "agerikoa eta publikoa" da ETAko kideak zirela, Wikipedia edo Auñamendi Entziklopedia Interneteko web guneetan agertzen delako. Biak erregimen frankistak hil zituen, 1975ean.
Erredakzioa
Bilboko administrazioarekiko auzien 3 zenbakiko epaitegiak Txiki-Otaegi kaletik izena kentzeko agindu dio Zornotzako Udalari. Biak frankismo garaian hil zituzten.
Epailearen arabera, kale horren izena mantentzeak biktimen "ohorea eta duintasunaren" kontra egiten du, Estatuaren Abokatutzari arrazoia emanda, berak jarri baitzuen helegitea.
Epaileak epaian dioenez, "agerikoa eta publikoa" da Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi ETAko kideak zirela, Wikipedia, Indymedia Euskal Herria edo Auñamendi Entziklopedia Interneteko web guneetan agertzen delako.
Gobernuak Euskadin duen ordezkaritzak 2009an Zornotzako Udalari (EAJk zuzenduta) eskatu zion 1979ko irailean sinatutako udal-akordioa hausteko eta sinbolo guztiak kentzeko. Akordio horren bidez jarri zioten Txiki-Otaegi izena kaleari. Gauzak horrela, eta Udala kontra agertu zenez, Abokatutzak helegitea jarri zuen 2008ko urriaren 9an.
Udalak arbuiatu zuen kalearen izena kentzea; biak "frankismoaren erregimenak" hil zituelako 1975ko irailaren 27an, eta hil ziren "inolako epaitegirik talde terrorista bateko kide zirela esan gabe".