Politika -

Adierazpenak

Barkos: 'Ez dago opakutasunik' Nafarroako Ekonomia Hitzarmenean, 'solidarioa da'

Andaluziako PSOEk egindako galdera bati erantzun diote Nafarroako alderdiek; arbuiatu dute aipatutako Hitzarmena zalantzan jartzea, eta nabarmendu dute Konstituzioan islatuta dagoela.

Barkos eta Aranburu kontseilaria, abenduan, Hitzarmenarekin. Argazkia: EFE.
Barkos eta Aranburu kontseilaria, abenduan, Hitzarmenarekin. Argazkia: EFE.
Barkos eta Aranburu kontseilaria, abenduan, Hitzarmenarekin. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak ostegun honetan esan duenez, Ekonomia Hitzarmenean, alegia, Estatuarentzako Foru Erkidegoaren ekarpenean, "ez dago inolako opakutasunik, ez eta elkartasun ezik ere". Horrela erantzun dio Barkosek Andaluziako PSOEri; alderdi horrek eskatu du euskal kupoa eta nafar ekarpena kalkulatzean gertatzen den ustezko "opakutasunari" amaiera eman behar zaiola. Halaber, UPNko, Geroa Baiko, PSNko eta PPNko bozeramaileek arbuiatu dute Hitzarmena zalantzan jartzea; nabarmendu ere nabarmendu dute Konstituzioan islatuta dagoen baliabidea dela.

Barkosek adierazi duenez, ekarpen horren zenbatekoa kalkulatzeko negoziazioak "gardentasun-atari batean argitaratuta dauden akordio- eta topaketa-sorta batean egin ditugu; edonork du aukera ikusteko, eta, hortaz, ikertzeko".

Gainera, komunikabideei egindako adierazpen batzuetan, defendatu du Foru Erkidegoa "solidarioa" dela; izan ere, "Nafarroak, Estatuaren zorrari nolako ekarpena egiten dion kontuan izanik, Estatuak berak eta azken horren administrazioek sortutako zorra ere hartzen du bere gain; horrek argi eta garbi frogatzen du elkartasuna dagoela, gure aldetik", nabarmendu du.

Barkosek esan duenez, "erregimen komuna duten autonomia erkidegoetako finantziazio-arazoari irtenbideren bat bilatzeko asmotan, ezinbestekoak dira zorroztasun politikoa eta nork bere ardurekin zorrotza izatea; bestela, bakoitzak bere jarreraren alde egiteko baliatuko du eztabaida, eta finantzazioa, berriro ere, bigarren mailan geratuko da".

Foru Gobernuaren liderraren esanetan, Hitzarmena zalantzan jartzea ohikoa da "finantza- eta ekonomia-egoera zaila denean, eta desberdintasunean bilatzen denean norberak izandako gabezien arrazoia. Intelektualki, ez da behar duen zorroztasuna duen eztabaida, eta, nire iritziz, ez ditu beharrezkoak diren zorroztasuna, ausardia eta zintzotasuna".

UPNk, Geroa Baik, PSNk eta PPNk ere, Hitzarmenaren alde

UPNko presidente Javier Esparzak esan duenez, Ekonomia Hitzarmena "gardena da, Nafarroako errealitate instituzionala", eta Konstituzioan bertan agertzen da. "Nire iritziz, aski da honekin; alderdi nazional batzuek, ez bakarrik PSOEk, PPk ere bai, batzuetan, autonomia-erkidegoetako liderren bidez, euren erkidegoetako interesa baino ez dute bilatzen, gure erregimena zalantzan jarriz. “Ekonomia Hitzarmena zalantzan jartzeari utz diezaiotela; gainerako espainiarrekin guztiz solidarioa da".

Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramailea kritiko azaldu da: "Eskuineko alderdiak, gero eta gehiago, dena berriro zentralizatzearen aldeko apustua ari dira egiten, eta, orain, Andaluziako PSOEk ere bat egin du horrekin". Funtsean, "foru lurraldeek duten eskubide historiko bat ezeztatzen du. Besteak beste, Nafarroak du eskubide hori; eskubide historikoa da, eta Konstituzioan ere agertzen da".

Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak adierazi duenez, "gai hauek behin eta berriz agertzen dira"; PSOEren jarrera, haren esanetan, "Nafarroako Hitzarmenaren aldekoa" izan da beti, "PSOEk ez du inoiz Hitzarmenaren aurkako botorik eman, baizik eta alderantziz".

PPNko presidente Ana Beltranek nabarmendu du Ekonomia Hitzarmena "solidarioa dela, gainerako espainiarrekin"; hori kritikatzen duten alderdiei eskatu die "pixka bat gehiago ikas dezaten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak PSOE Albisteak Alderdi Popularra UPN Albisteak Geroa Bai Gaurko albisteak Nafarroan Uxue Barkos bideoak Alderdi politikoak albisteak Jose Javier Esparza Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentuko albisteak