Politika -
'Isiltasun ituna'
ETAren balizko amaieraren aurrean 'isilik' egotea proposatu du EAJk
Iñigo Urkulluk kritikatu egin du azken egunetan "zehastasunik gabeko itxaropenak" sortu izana.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak ETAren balizko amaieraren aurrean "isilik" egotea proposatu die gainerako alderdiei, azken egunetan "zehaztasunik gabeko itxaropenak" sortu baitira.
Radio Popular irrati-katean egindako elkarrizketa batean, buruzagi jeltzaleak hausnarketa egin du "hedabideetan publikatzen ari den guztiari buruz", eta hainbeste "ilusio" piztu izana eta "alderdi berekoen artean argitasun falta agertu izana" kritikatu du.
Hori dela eta, gai honen inguruan isilik egotea proposatu die alderdiei, hau da, "interpretaziorik ez egitea" mahai gainean "gauza mamitsuak" egon ezean. Eta, bere ustez, gaur egun ez dago ezer mamitsurik, ETAk ez baitu indarkeria utzi eta ezker abertzaleak ez baitu "behin betiko" mugimendurik egin.
"Ez dugu joko horretan parte hartu behar, gure esku ez dauden eta beste batzuek egin behar dituzten gauzak gauzatu ahal izateko", gaineratu du.
Urkulluren ustez, tankera horretako "adierazpen-uholdeak" kaltegarriak izan daitezke.