Politika -

Gobernu Bilera

Euskara tituluak baliokidetzeko Dekretua onartu du Jaurlaritzak

Titulu eta ziurtagiri guztiak biltzeko eta aipatutako epaiari erantzuteko arau berria egin du Gobernuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Bilerak onartu du euskararen ezagutza egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dekretua.

Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, "denborarekin, euskararen ezagutza egiaztatzeko hainbat titulu eta ziurtagiri sortu dira, berariazko esparruetan aplikatu behar direnak, eta, ondorioz, hainbat bide daude euskararen ezagutza egiaztatzeko".

"Aniztasun horiek eta aurreko araudiek planteatutako arazoak direla eta Jaurlaritzak oniritzia eman dio dekretu honi, alde batetik, euskararen ezagutza egiaztatzeko titulu eta ziurtagiri guztiak baliokidetza sisteman sartu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatuko dituen eta, bestetik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak emandako Epaiaren ondoriozko egoera konponduko duen dekretuari".

Aipatutako epai horrek hizkuntza-eskola ofizialetan egindako ikasketak egiaztatzeko titulazioen inguruko aurreikuspen batzuk baliogabetu zituen, Jaurlaritzak azaldu duenez.

Titulu eta ziurtagiri guztiak biltzeko eta aipatutako epaiari erantzuteko arau berria egin du Gobernuak, "Euskararen ezagutza egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriak baliokidetzeari buruzko araudia erregulatu eta argitzeko baliatu da abagunea, arau bakarrean bildu baita arlo horren inguruko erregulazioa".

Dekretuaren Lehen Azken Xedapenean ezartzen da, sail edo erakunde bakoitzak euskararen titulu eta ziurtagirien erregistro propioa duenez, erregistro horiek uniformeki bildu eta erakunde publikoek erraz kontsultatu ahal izateko neurriak hartuko direla. Euskarako titulu eta ziurtagirien erregistro bateratua kudeatzeko ardura hizkuntza-politikan eskumena duen sailak izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea