Politika -
Ertzaintzaren operazioa
Gizon bat atxilotu dute Bizkaian, kale borroka leporatuta
Goizeko 11:00etan atxilotu dute Busturian (Bizkaia), Auzitegi Nazionalak aginduta. 2002. urtean Bilboko Buia auzoan autobus bat erretzea egotzi diote. Operazioaren barnean hainbat toki miatu dituzte.
Erredakzioa
Ertzaintzak Iñaki Bengoa San Miguel 30 urteko gaztea atxilotu du gaur goizean Busturian (Bizkaia), kale borrokako zenbait ekintzatan parte hartzea egotzita, Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.Atxilotuari Bilboko Buia auzoan autobus bat erretzea leporatu diote.
Jazoera 2002ko otsailaren 10an gertatu zen BI-3728 errepidean, Malmasin parean, Buiako auzoan. Dozena erdi kaputxadunek molotov koktelak jaurti zizkioten autobus bati eta kiskalita gelditu zen. Antza denez, DNA hondakinei esker identifikatu dute atxilotua.
Goizeko 11:00etan atxilotu dute, Auzitegi Nazionalaren 5. Epaitegiaren aginduz, iturri berdinaren arabera. Kale borrokaren aurka Ertzaintzak hasi duen ikerketaren baitan egin dute atxiloketa. Horrez gain, hainbat toki miatu dituzte, Busturian.
Diligentziak bukatu ostean, Auzitegi Nazionalaren aurrean jarriko dute.
Eraso horrengatik Ertzaintzak beste hiru lagun atxilotu zituen 2003an: Unai Mallabia Sanchez, Naiara Mallabia Sanchez eta Aitor Fernandez Treceño. Hirurak epaituak izan ziren eta 7 urte eta 9 hilabeteko heriotza-zigorra ezarri zieten. Gaur egun kartzelan jarraitzen dute.
Hau da Ertzaintzak kale borrokaren aurka egiten duen hirugarren operazioa azken asteotan.