Politika -
Salaketa
'Pasaiako segada'ren auzia Estrasburgora eraman dute
1984an hildako Komando Autonomo Antikapitalistetako kideen senitartekoek salatu dute "ez dela ikerketarik egin jakiteko nortzuk izan ziren zuzeneko hiltzaileak".
Agentziak | Erredakzioa
Jose Maria Izura, Pedro Maria Isart, Rafael Delas eta Dionisio Aizpuru Komando Autonomo Antikapitalistetako kideen senitartekoek Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eraman dute 'Pasaiako segada' izenarekin ezagutzen den auzia, eta bertan salatu dute "1984ko martxoaren 22an Polizia Nazionalaren segada batean erail" zituztela beren senitartekoak. Halaber, gaitzetsi dute "ez dela ikerketarik egin jakiteko nortzuk izan ziren zuzeneko hiltzaileak".
Prentsaurreko batean, joan den azaroaren 29an auzitegi horretan aurkeztutako helegitearen berri eman dute (oraindik ez da tramitera onartu errekurtsoa), eta Izaskun Bilbao (EAJ), Josu Juaristi (EH Bildu) eta Xabier Benito Ziluaga (Podemos) europarlamentarien babesa izan dute agerraldi horretan. Santiago Gonzalez senitartekoek abokatuak eta Miguel Castells abokatuak, Azpeitiko Udalaren izenean (bertakoak ziren eraildako bi kide), eman dituzte helegitearen inguruko xehetasunak. Bertan adierazi dutenez, "bizitzeko eskubidea urratu izanaren zantzuak" daude, eta hori frogatzeko hainbat testigantza, bertsio ofiziala zalantzan jartzen duen Eusko Jaurlaritzaren ikerketa bat eta Gipuzkoako Auzitegiaren epaiak hartu dituzte oinarri.
Peio Aizpuru eta Carlos Delas senitartekoek agerraldian aipatu dutenez, 2005ean Auzitegiak "hankaz gora" jarri zuen bertsio ofiziala (bertsio horrek zioen Poliziarekin izandako enfrentamendu baten hil zirela). Izan ere, Auzitegiak ez zuen frogatutzat eman Komando Autonomoetako kideek tirorik egin izana. Frogatutzat eman zuen, ordea, Isart eta Izura "tiroz josi" zituztela, "bakoitzak 28 bala-zulo baitzituen", azaldu dutenez. Ondoren, agenteek Aizpuru eta Delas atxilotu zituzten eta, identifikatu ostean, "fusilatu egin zituzten, bakoitzari 36 eta 21 bala zulo eginda, hurrenez hurren”.
2016an auzia artxibatu egin zuten, hilketaren zuzeneko egilerik ez zegoelako, baina Aretoak frogatutzat jo zuen "lau erailketa" egon zirela, prentsaurrekoan azaldu dutenez. Adierazi dute gerta daitekeela helegitea tramitera ez onartzea, eta litekeena dela "presioak" egotea hori horrela izan dadin; baina, hala ere, "esperantzari” eusten diote "geratutakoa zigorrik gabe gera ez dadin".
Pasaian gertatutakoak Barricada taldearen "Bahía de Pasaia, emboscada criminal" (1987) abestia inspiratu zuen, eta berriki jorratu zuten auzia Yuri Agirrek eta Xabier Otamendik "Pasaiako badia" dokumentalean (2017ko urrian estreinatu zuten). Ur Handitan ETB1-eko saioak ere gaia landu zuen abenduaren 12an eskainitako "Indarkeriaren jabeak" emanaldian.