Politika -

Sahara

Espainiak Saharako gertakizunak deitoratu bai, baina ez ditu gaitzetsi

Miguel Angel Moratinos Kanpo Arazoetako ministro ohia Marokoko Kanpo Arazoetako arduradun nagusiarekin bildu zen ostiralean, bi herrialdeen arteko harremanak aztertzeko, besteak beste.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trinidad Jimenez Kanpo Arazo eta Kooperazio ministroak ez ditu Aaiunen joan den astelehenean izandako "gertakizun larriak" gaitzetsi, besteak beste, horren inguruan "datu-nahasketa" handia dagoelako eta Gobernu edo nazioarteko Erakunde batek ere ez dituelako liskarrak gaitzetsi.

"Gaitzespena egiteko gertakizunen nondik norako guztiak izan beharko genituzke", esan du Jimenezek Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.

Dena den, Aaiuneko liskarretan "bizitzak galdu izana deitoratu" du Jimenezek, eta Espainiako Gobernuaren "kezka sakona" adierazi du.

Jimenezen hitzetan, Gobernuak ez du bere gaitzespena "azkartu" nahi eta nazioarteko erakunderen batek gertatutakoaren balantzea egitearen zain dago.

Ildo horretan, Marokoren errepresalien beldur direnik ukatu du, Rabatekin "harreman sendoak" dituztelako.

Kazetariei Marokon sartzen uzteko eskaera berretsi du

Bestalde, kazetari espainarrei Marokon sartzen uzteko eskatu dio Jimenezek Rabateko Gobernuari.

Babi Hamday Buyema-ren heriotza

Espainiako atzerri ministroak Marokori azalpenak eskatu dizkio Babi Hamday Buyema-ren heriotzaren inguruan. Babi Hamday Buyema lanetik autobusez etxera zihoala, Marokoko poliziek handik atera, lurrera bota eta behin baino gehiagotan polizia autoaz zapaldu zuten, haren anaiak azaldu duenez. Hildakoak Espainiako herritartasuna zeukan, Marokoko okupazioaren aurretik jaiotako sahararrek aukera hori baitute.

"Garbiketa etnikoa"

Fronte Polisarioak garbiketa etnikoa egitea leporatu dio Marokori eta hildako asko ezkutuan lurperatzen dihardutela salatu du.

Moratinos Marokoko Kanpo Arazoetako ministroarekin bildu da

Miguel Angel Moratinos Kanpo Arazoetako ministro ohia Taib Fashi Fihri Marokoko Kanpo Arazoetako arduradun nagusiarekin bildu zen ostiralean. Bilera horretan Mediterraneoko Batasunaren etorkizunaren inguruan aritu ziren, baina baita bi herrialdeen arteko harremanaren egoeraz ere.

Hori zen, behintzat, bileraren aurretik iragarritako gai zerrenda. Elkarrizketaren ostean ez zuten inolako informaziorik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea