Politika -
New York
Columbiako Unibertsitateak Agirre lehendakariari omenaldia egin dio
Joseba Agirrek, Agirre lehendakariaren semeak, sendiko beste kide batzuekin batera, plaka oroigarri bat jaso du.
Erredakzioa
Columbiako Unibertsitateak (New York) omenaldia egin dio Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakaria izan zen Jose Antonio Agirre Lekuberi.
Joseba Agirrek, Agirre lehendakariaren semeak, sendiko beste kide batzuekin batera, plaka oroigarri bat jaso du Columbiako Unibertsitateko Europar Ikaskuntzen Institutuko zuzendari Victoria De Grazia andrearen eta Ikaskuntza Latinoamerikarren eta Migrazioari buruzko Foroko zuzendari José C. Moya jaunaren eskutik. Plaka ematea, AL50 Batzordeak, Barnard Collegeren Migrazioari buruzko Foroarekin eta Columbiako Unibertsitateko Europar Ikaskuntzen Institutuarekin elkarlanean antolaturiko ekitaldi akademiko baten atarikoan izan da.
"Lehendakaria irakasle izan zen bertan (Columbiako Unibertsitatean, 1942 eta 1945 bitartean). XX. mendeko 40ko hamarkadako lehenengo urte haietan AEB, eta bereziki Columbia, lehendakariarentzat askatasun-lurra izan zen, bai halaber printzipio eta balio demokratikoen berrespenarena eta bakearekiko konpromisoarena", gogorarazi du Irune Zuluaga Sabino Arana Fundazioko zuzendariak.
''Europako abertzaletasunak diasporan''
Ekitaldi akademikoan, ''Europako abertzaletasunak diasporan: atzerrira emigratutako euskaldunen, kataluniarren, galiziarren, irlandarren eta poloniarren aktibismo politikoa'' izenburupean, Ludger Mees EHUko Historia Garaikideko katedradunak Lachenicht eta Heinsohnen tesia defendatu du, hau da, “kosmopolitismoa eta nazionalismoa elkarren kontrako kontzeptu bi izanik, erbestaldi- edo diaspora-egoeretan ezinbestez elkarren osagarri direla”.
EHUko katedradunaren hitzaldiak euskal abertzaletasunak eta bere ingurune kosmopolitak erbestaldiaren garai desberdinetan izan dituzten harremanak azaltzea izan du gai nagusi. Ildo horretan, arreta berezia ipini dio Jose Antonio Agirre lehendakariaren ibilbideari, izan ere hura, harik eta 1960an hil zen arte, "abertzaletasuneko ezbairik gabeko liderra ez ezik, abertzaleak ez ziren beste euskal herritar askorena ere izan zen".