Politika -
Ekitaldia
Ciudadanosekin 'tirabirak' bilatzea leporatu dio Ahal Dugu Euskadik EAJri
Lander Martinezek adierazi duenez, jeltzaleak hauteskundeetarako abantaila bila ari dira, PP eta Ciudadanosekin “eredu sozial eta ekonomikoa” partekatzeaz gain.
Agentziak | Erredakzioa
Lander Martinez Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusiaren iritziz, EAJ "nahita" dabil Ciudadanoseko "pironamoekin tirabira" bila, "hauteskundeei begira komeni zaiolako".
'Portugalujo Despierta' hautagaitzak gaur goizean Portugaleten antolatutako ekitaldi batean hartu du parte Martinezek. 2019ko udal hauteskundeak alderdiarentzat "funtsezkoak" izango direla azpimarratu du.
Ahal Dugu Euskadiren "behin betiko lurralde-ezarpenerako" ezinbesteko prozesua izango dela azaldu du. Hala, "krisiak kaltetutako" herrietan agintzearen alde agertu da Martinez, Bizkaiko Ezkerraldekoetan, kasu.
Bestalde, aste honetan Ciudadanos eta EAJ alderdiek izandako liskarrari buruz hitz egin du. Albert Riveraren alderdiari jarrera "arduragabea" izatea leporatu dio, "Euskadi beti jomugan" jarrita. Era berean, piromano gisa jokatzea ere egotzi dio, "herritarrak aurrez aurre ipiniz etekin elektorala ateratzeko".
Dena den, EAJ "tirabira" horietan sartzen bada, "nahi duelako" dela azpimarratu du Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusiak. Interesatzen zaiolako aurkezten du bere burua Euskadiko egonkortasunaren bermatzaile gisa, "euskal herritarrak aurrez aurre jarri eta etekina lortzeko".
Berebat, Elkarrekin Ahal Duguko ordezkariek ez dutela "inoiz" Estatuko Aurrekontu Orokorrik hitzartuko azpimarratu du, ez Alderdi Popularrarekin, ezta Ciudadanosekin ere, "EAJk egin duen" moduan.