Politika -
EAJ - CIUDADANOS
Ortuzarrek 'taliban' deitu dio Ciudadanosi eta Berlusconirekin alderatu du Rivera
Jeltzaleak 'urduri' daudela esan du Ciudadanosek, EAJko buruzagiari erantzunez, beraiengandik onura edo pribilegiorik jasoko ez dutelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen esanetan, Espainiako politikaren "arazorik handiena" Ciudadanos da, eta "taliban" izatea leporatu dio. Halaber, Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea Silvio Berlusconi politikari italiarrarekin alderatu du, "populismo ankerra" erabiltzen duelako.
"Inkesta eta egunkarietako titularren bidez politika egitea ez da onena herriarentzat. Kataluniako emaitzak ikusita, Riverari aulkiak ateratzen zaizkio begietan, Osaba Gilitori dolarrak ateratzen zaizkion moduan. Arduragabea da, eta, Espainiaren arazoen konponbidea proiektu horretatik baldin badator, iragarpena txarra da", adierazi du Ortuzarrek Onda Cero irrati kateari eskainitako elkarrizketan.
Ortuzarren hitzetan, EAJ alderdi "instituzionala" da, akordioak lortzea eta Aurrekontuak onartzea gustatzen zaiona, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Espainian.
Espainiako hauteskunde orokorrak Ciudadanosek irabaziko balitu, EAJ egoera horretara "moldatu" eta Riverarekin hitz egiten saiatuko litzatekeela esan du Ortuzarrek, baina alderdi laranjak euskal autogobernua "pribilegioa" dela esatea "ezjakintasunaren" ondorio dela gaineratu du.
Halaber, Ciudadanosek EAJk estatus politiko berrirako egindako proposamenari egindako kritika ere ezjakintasunari egotzi dio Ortuzarrek; izan ere, EAJk eta Eusko Legebiltzarreko gainerako alderdiek egindako proposamenek egungo legedia errespetatzen dute, buruzagi jeltzalearen arabera.
Ciudadanosen erreakzioa ikusita, Espainiako Diputatuen Kongresuan benetako arazoez ez hitz egitea (pentsioak edota energiaren kostua, kasu) eta euskal herritarrak 'puching ball' gisa erabiltzea salatu du Ortuzarrek.
Ciudadanosen erantzuna Ortuzarri
Ciudadanosek erantzun dio jada Ortuzarri. Horren hitzetan, jeltzaleak "urduri" daude jakin badakitelako ez dutela beraien aldetik inolako onura edo pribilegiorik jasoko. Miguel Gutierrez Ciudadanosek Kongresuan duen talde parlamentarioko idazkari nagusiak azaldu duenez, alderdi nazionalistak urduri daude alderdi zaharrekin (PP eta PSOE) onurak eta pribilegioak adostu izan dituztelako. "Ulertzen dut urduri egotea, Ciudadanos agintean dela ez delako kuponazorik izango", esan du Kupoaren inguruan EAJk eta PPk lorturiko akordioari aipamena eginez.