Politika -
'De Miguel' auzia
Bildutako frogak epaileak eskatutakoak zirela berretsi dute ertzainek
Gaurko saioan deklaratu duten agenteek deklaratu dutenez, miaketetan jasotako frogak epaileak ezarritakoaren arabera bildu zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
'De Miguel' epaiketaren gaurko saioan deklaratu duten agenteek miaketetan jasotako frogak epaileak ezarritakoaren arabera bildu zituztela azaldu dute. 26 pertsona epaitzen ari dira prozesuan, Arabako EAJren zenbait buruzagi ohi, besteak beste.
Euskadin inoiz bideratutako ustezko ustelkeria sumariorik handienaren lekukoen frogen fasea abiatu dute gaur Arabako Probintzia Auzitegian. Urtarrilaren 8an hasi zen epaiketa, aurretiazko auziak aztertzen. Ondoren aurkeztutako helegiteak ebazteko etenaldia amaituta, bost ertzainen deklarazioarekin berrekin diote gaur epaiketari.
2010ko martxoaren 17an auzipetu nagusien etxeetan eta Kataia enpresan egindako miaketetan hartu zuten parte agenteek.
Besteak beste, atxiloketak eta miaketak gidatu zituen ertzainak eman du lekukotza gaur. Horrez gain, Alfredo de Miguel Arabako EAJren bigarrena eta foru diputatua izandakoaren etxea ikuskatu zuen agenteak ere hitz egin du. Fiskaltzak 54 urteko kartzela-zigorra eskatu du De Miguelentzat.
Kataiaren kontabilitatearekin zerikusia duten frogak biltzea zen helburua
Auzipetuei epailearen autoa irakurri zitzaiela baieztatu du agente batek. Kataia enpresaren kontabilitatearekin zerikusia duten frogak bildu behar zituztela berretsi dute guztiek, baita beste edozein jarduera edo jario ekonomikori buruzko zantzuak ere.
Horrenbestez, gaur deklaratu duten agente guztien aburuz, zuzenbidearekin bat dator aurkitutako ordenagailuak atzematea, auziari dagokion informazioa izan zezaketelako.
Akusatu nagusien defentsek instrukzio guztia baliogabetzea eskatu dute, zenbait froga bertan behera uzteaz gain. Izan ere, Ertzaintzaren Delitu Ekonomikoen Unitateko ertzainak akusatuen ordenagailuetatik informazioa ateratzerakoan muga gainditu zutela uste dute defentsek.
Atzemandako objektuen zainketa kateari dagokionez, froga guztiak zigilatu egin zituztela azaldu dute agenteek, zuzenean epaitegira bidaltzeaz gain. Polizia judizial gisa lanean ari zirela gogoratu dute.
Bihar jarraituko du epaiketak, eta beste hamaika ertzainek deklaratuko dute.