Politika -
Barne prozesua
Bere 'zikloari eta funtzioari amaiera emateko' txostena bozkatzen ari da ETA
Uda aurretik jakinaraziko du emaitza. 'Gara' egunkariak jasotakoaren arabera, militanteek agiria onartzen badute, ETA 'ez da izango interpelatua izango den eta interpelatuko duen agentea'.
Agentziak | Erredakzioa
ETAren zuzendaritzak proposatuta, erakundearen 'zikloari eta funtzioari amaiera emateko' agiria bozkatzen ari dira militanteak. Bozketaren emaitza uda baino lehen espero da.
Barne txosten horren pasarte batzuk kaleratu ditu Gara egunkariak gaurkoan. Bertan dioenez, ETAren desagertzea bere azken fasean sartu da, hainbat hilabete eztabaidatzen eta bozkatzen egon ondoren.
"Zikloaren amaiera gero eta agerikoagoa da, eta hartutako erabakien ondorioz, zati batean behintzat egina dago. Estrategia politiko militarraren amaierak erakundearen zikloaren amaieraren hasiera markatu zuen", irakur daiteke Gara-k jasotako agirian.
"Gatazka armatuaren eta handik eratorritako egoeren garaia ixtea dagokigu, prozesu politikoan indar guztiak jartzeko; ezeren eta inoren zain gelditu gabe", dio txostenak.
Militanteek agiria onartzen badute, ETA "ez da izango interpelatua izango den eta interpelatuko duten agentea".
'Ez da etxera joateko unea'
Apirilaren 2017an, armagabetzearekin batera, idatzitako testua da bozketagai dagoena. Zuzendaritzak proposatutakoaren arabera, ETA ez da izango "erakunde konbentzional" bat, erabat berrantolatu beharko litzatekeelako: "estrategia, funtzio zehatzak, eta borrokarako eta eragiteko bitartekoak", besteak beste.
Era berean, "erakunde zibil" bihurtzea ere baztertu du, "lortu beharreko gehiengo zabalek, benetan zabalak baldin badira, ez lukete ulertuko", zuzendaritzaren ustez.
Dena dela, txostenak argi dio "oso garrantzitsua" dela "ETAren eraginpean eta haren inguruan sortutako indar militante guztiak ezker abertzalean ekarpena egitea prozesu independentistan". ETAren zuzendaritzaren esanetan, "ez da etxera joateko unea. Alderantziz, aro honek guztion indarra eta bulkada beharko du, inoiz ez bezala".
Agiriaren arabera, ezker abertzalearen "mugimendu politikoak nahikoa heldutasun eta borrokarako ahalmen erakutsi ditu, eta independentziaren erronka lortzeko askoz ere eraginkorragoa da".
ETAk ez du bere ekarpena ukatuko
ETAk azpimarratu duenez, "ez du bere kontakizuna inposatuko" baina ez du bere "ekarpena ukatuko, autokritikarako prest dagoen arren".
Bere militanteei "arduraz" jokatzeko deia egiten die txostenak, "zintzotasuna, koherentzia eta erantzukizunari eutsita" eta "ezker abertzalearen barne kohesioa mantentzeko beharra nork bere eginez".
ETAren zuzendaritzak militanteei helarazitako dokumentuak hiru zati ditu: lehenak testuinguru historikoa jasotzen du, bigarrenak 2009tik txostena idatzi arteko ibilbidea laburbiltzen du, eta hirugarrena, bozkatzen ari dena, ETAren desagertzearen ingurukoa da.
Gara egunkariak jasotakoaren arabera, bozketaren parte hartzea oso handia izaten ari da, eta emaitza uda aurretik ezagutaraziko dute.