Politika -
Madrilen mozorroturik
Espainiako Polizia Joaquin Reyes atxilotzen saiatu da, Puigdemontekin nahastu ondoren
Umoristak presidentaren antz handia zuen, eta Torrejon de Ardozeko bizilagun batek Poliziari abisua eman dio.
E. L. | eitb.eus
Joaquin Reyes 'El Intermedio' (LaSexta) saiorako esketx bat grabatzen ari zenean Espainiako sei polizia agertu dira. Carles Puigdemont presidentaz mozorroturik zegoen umorista ezaguna, Vertele-k aurreratu duenez.
Dirudienez, Joaquin Reyesek Puigdemonten antz handia zuen, eta Torrejon de Ardozeko (Madril) bizilagun batek Poliziari abisua eman dio. Kataluniako agintaria Europa parkean zegoela ziurtatu dio herritarrak Poliziari; izan ere, bertan ari ziren esketxa grabatzen.
Minutu gutxi batzuk geroago, Espainiako sei polizia azaldu dira Puigdemonten bila. Guztia parodia baten parte zela ohartu direnean, grabazioak arazorik gabe jarraitu du.
Poliziako bozeramaile batek azaldu duenez, "adineko gizon batek" 091 telefonora deitu du “jende asko Kataluniako banderekin eta garrasi egiten” ikusi duelako, Puigdemonten antza zuena erdian zegoela.
"Susto txikia"
LaSexta telebistako 'Mas vale' saioan Reyes elkarrizketatu dute arratsaldean, telefonoz. "Sei polizia" hurbiltzen ari zirela ikusi duenean "susto txikia" hartu duela onartu du umoristak. "Hori bai, ez dira korrika gerturatu, antza denez, susmoa hartu diote", erantsi du.
Reyesen ahotan, 'Zaguangos'eko filmazio bat zela ikusi eta poliziak "barrezka hasi dira". "Ez da zuen loria arratsaldea izango", esan die umoristak poliziei.
"Egia esan, urrunetik ziria sartzen nuela banekien. Puigdemont ematen nuen: ilea, begirada epikoa… baina Poliziari deitzeraino helduko zirenik ez nuen uste", esan du umoristak barrezka. Programako produktorea salatzailearekin harremanetan jarri da, gertatutakoa azaltzeko. Abisua eman duen pertsonak "egoera txorakerietarako" ez dagoela erantzun dio produktoreari, Reyesek zehaztu duenez.
"Forges-i egindako omenaldi bat zen. Guztia zentzugabekeria da. Gatazka gori-gori dagoenean, surrealismoa ongi dator", gaineratu du.