Politika -

RADIO EUSKADI

Ertzaintzako sindikatuei 'Mozal legea' ezartzea kritikatu dute alderdi ia guztiek

EAJk bakarrik babestu du Estefania Beltran de Herediak atzo iragarritako neurria. Jeltzaleen arabera, erabaki 'zuzena' da, sindikatuen jarduna okerra denean, administrazioari erantzutea dagokiolako.

Nerea Llanos y Eneko Andueza, hoy en Radio Euskadin. Foto: EiTB.
Nerea Llanos y Eneko Andueza, Radio Euskadi. Foto: EiTB.
Ertzainei Segurtasun Legea ezartzearen aurka daude alderdi gehienak

1:30

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko alderdi guztiek, EAJk izan ezik, gogor kritikatu dute Ertzaintzako sindikatuei Hiri Segurtasunerako Legea, 'Mozal Legea' delakoa, ezartzea, Eusko Legebiltzarraren atarian herenegun egindako protesta dela eta. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak atzo iragarri zuenez, protesta horretan parte hartu zuten sindikatuak zigortu egingo dituzte.

EAJk bakarrik babestu du Jaurlaritzaren erabakia. Jeltzaleen hitzetan, protesta deitu zuten sindikatuei 'Mozal Legea' ezartzea neurri "zuzena" da. Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Javier Telleria EAJko parlamentarioak esan duenez, sindikatuen Legebiltzarraren atarian egindako protestak legedia urratu baldin bazuen, horrek administrazioaren erantzuna behar du. Athletic eta Spartak arteko partidaren atarian Ertzaintzak izan zuen jokabidea, berriz, "oso profesionala" izan zela esan du.

EH Bilduko Oihana Etxebarrietak, bere aldetik, gogor kritikatu du 'Mozal Legea' erabiltzea. Haren hitzetan, "paradoxa da poliziaren ekintzak babesteko sortuko legea Ertzaintzari ezartzea". Ezker abertzaleko koalizioa beti egon dela lege horren kontra gogoratu du Etxebarrietak. "Protesta soziala eta lan eskubideen defentsa zilegiak dira", esan du.

Ildo beretik mintzatu da Elkarrekin Podemoseko Cristina Makazaga ere. Polizia ereduaz hitz egin du, eta azpimarratu du "prebentzioak" izan behar duela oinarri.

Eneko Andueza PSE-EEko legebiltzarkideak ere "paradoxa" iritzi dio 'Mozal Legea' Ertzaintzako sindikatuei aplikatzea. "Beti izan gara oso kritikoak 'Mozal legearekin'. Adierazpen askatasunaren kontrako tresna bat dela uste dugu", esan du.

Azkenik, Nerea Llanos PPeko kideak ere Beltran de Herediaren jokabidea izan du hizpide. Sailburuaren "eraginkotasun eza" dela nabarmenena esan du Llanosek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Bizkaia PP Eusko Jaurlaritza albisteak Alderdi politikoak berriak EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE PP Bizkaia Euskadiko Podemos-eko albisteak