Politika -
Eskuduntzen Batzordea
Lan Ikuskaritza urtea bukatu baino lehen transferitu nahi dute EAEra
Eskuduntzen Batzordearen lehenengo bilera egin dute gaur sozialistek eta jeltzaleek, Kongresuan. Iragan urrian adostu zituzten 20 eskunduntzen transferentzia negoziatu behar dute batzorde honetan.
Erredakzioa
Urtea bukatu baino lehen Lan Ikuskaritza Euskadiri transferitzea izango da PSOEren eta EAJren lehentasuna, gaur Jose Antonio Alonsok (PSOE) eta Josu Erkorekak (EAJ) azaldu dutenez.
Eskuduntzen Batzordearen lehenengo bilera egin dute gaur sozialistek eta jeltzaleen, Madrilgo Kongresuan. Iragan urrian adostu zituzten 20 eskunduntzen transferentzia negoziatu behar dute batzorde honetan.
Transferentzien Batzorde Mistoarekin parez pare lan egingo du batzorde horrek, eta PSOEk eta EAJk hitzartutako hogei eskuduntzen transferentzien kudeaketaz arduratuko da. Sozialistek eta nazionalistek eskumen horiek aurten eta datorren urte bitartean transferitzea adostu zuten.
Eskumen horien artean, besteak beste, lan politika aktiboak, enplegu-erregulazioa, lanerako lanbide-prestakuntza, itsas eta ibaiko garraioa, edo turismo eta bidaia-agentziak daude.
Sozialisten aldetik, Gaspar Zarrias Espainiako Gobernuaren Lurralde Kooperazioko estatu idazkaria, Eduardo Madina PSOEren Espainiako Kongresuko idazkari nagusia eta Jose Maria Benegas PSEko idazkari nagusia izango dira; EAJren aldetik, Aitor Esteban, Emilio Olabarria eta Iñaki Goikotxea izango dira.