Politika -

Presoak

Etxeratek 'salbuespenezko espetxe politikari' egotzi dio Xabier Reyren heriotza

Etxeraten hitzetan, Xabierren heriotza ekidin zitekeen, "espetxe politika ankerraren ondorioa" izan baita.

Etxeraten prentsaurrekoa. Argazkia: EFE.
Etxeraten prentsaurrekoa.
Etxerat: 'Salbuespenezko espetxe politikak du erantzukizun osoa'

1:30

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxeratek espainiar Estatuak mantentzen duen "salbuespenezko espetxe politika suntsitzaileari" egotzi dio Xabier Rey Urmenetaren, atzo espetxean hilda aurkitu zuten presoaren, heriotza.

Presoen senideen elkarteak agiri batean, astezken honetan, jakitera eman duenez, Xabierren heriotza ekidin zitekeen, "espetxe politika ankerraren ondorioa" izan baita. Ildo horretan, uste dute espetxe politika horrek Xabier Reyren heriotzaren gisako "egoera lazgarriak eragiten jarraitzen du".

"Lehen graduaren aplikazio sistematikoak isolamendua areagotu, deserrotzearen alde egin, muturreko egoerak eraginarazten ditu. Hamar urtez lehen graduan preso egon ondoren, ze izen jarriko diogu Xabiren heriotzari? Sakabanaketa politikaren aldekoek ze esango dute honetaz haien ardura ukatzeko?", esan dute.

Ildo horretan, lehen graduak programatutako aktibitateak edo espetxe instalazioetara (liburutegira adibidez) sarbide izateko debekuak izatea suposatzen duela azaldu dute, "patioko eguneko orduak 4 izanik eta otorduak ziega barruan egin behar dituztelarik".

"Jakitun gara bide egokia aukeratu duela euskal gizarteak. Euskal Herriko instituzio zein eragile politiko, sindikal eta sozialekin batera bide orri bateratu bat osatzeko baldintzak sortzen ari direla, behingoz presoen aferari behin betiko konponbidea emateko asmoz zentzuzko epe eta denbora egingarrian", gaineratu dute.

Hortaz, Etxeratek erronka horri aurre egiteko konpromisoa, ausardia eta adorea eskatu du, "euskal gizarteak ezin baitu beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea