Politika -
Polizia operazioa
Hiru pertsona atxilotu dituzte sare sozialetan 'ETA goratzeagatik'
Bi lagun Bizkaian hartu dituzte atxilo, eta bestea, Gipuzkoan. Sare sozialetan 'borroka armatuarekin jarraitzeko deia egiten zuten mezu ugari' atzeman eta gero egin dute operazioa.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu EAEn, bi Bizkaian eta bat Gipuzkoan, sare sozialetan "ETA goratzea eta biktimak umiliatzea' leporatuta.
Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ohar batean azaldu duenez, agenteek “sare sozial batean borroka armatuak jarrai zezala eskatzen zuten hainbat mezu topatu ostean” egin dituzte atxiloketak.
Mezuak aztertutakoan, agenteek egiaztatu dute ikertuak “oso aktiboak” zirela beren profiletan eta “makina bat jarraitzaile” zituztela.
Identifikatu eta gero, hiru pertsona horiek atxilotu eta telefono mugikorrak kendu dizkiete, “dagokien azterketa egiteko”.
Operazioa Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegi Zentralak koordinatu du.