Politika -
Hauteskundeak Katalunian
Erreferenduma eta aliantzak, hauteskunde-eztabaidaren gai nagusiak
Montillak (PSC) eta Masek (CiU) aurrez aurreko eztabaida egingo dute hiru egun igaro aurretik. Sanchez-Camachori (PP) diskurtso "xenofoboa" egitea leporatu diote.
Erreferenduma eta aliantza politikoak izan dira Generalitateko presidente izateko hautagai nagusien telebistako eztabaidako gai nagusiak, bart.
Joan Puigcercos ERCren buruak proposamena egin dio Artur Mas CiUkoari: kontzertu ekonomikoa lortzen ez badu, dei dezala erreferenduma. Masek ez du argitu proposamena babesten ote duen eta erreferendumak irabazteko deitzen direla azpimarratu du.
TV3n egin duten hauteskunde-eztabaidan, Puigcercosek "herri proposamena" egin dio Masi, ez "gobernu proposamena". Puigcercosek "kontzertu ekonomikoa Madrilen elkarrekin negoziatzea" galdegin dio CiUri.
Artur Masek ez dio baiezkorik ez ezezkorik esan proposamenari, baina kontzertu ekonomikoaren defentsa egitean ERCren lehentasunak "aldatu" direla uste du.
ERCren hautagaiak gaitzetsi egin du proposamenak erantzun zuzenik jaso ez izana eta CiUren "lehentasuna PPrekin akordioa egitea" dela ulertu du.
Jose Montilla PSCren hautagaiak "anbiguo" jokatzea leporatu dio Masi, "itun fiskalaz" hitz egiten duelako "kontzertuaz" hitz egin beharrean, eta PSCk ez duela "abenturarik babestuko" ohartarazi dio.
Alicia Sanchez-Camacho PPCren hautagaiak ere Mas kritikatu du, kontzertu ekonomikoa aldarrikatzen duelako "lanpostuen sorkuntzaz kezkatu ordez".
Bestalde, Montillak diskurtso "xenofoboa" izatea egotzi dio PPren hautagaiari, eta Sanchez-Camachok "demagogia" erabili duela erantzun dio.
PPk, kataluniako Estatutua idazterakoan, immigrazioaren kontrako jarrera sustatu duela uste du Kataluniako presidenteak.
Joan Herrera ICVren hautagaiak zergak izan ditu hizpide, eta Masi galdetu dio 150.000 eurotik gora irabazten dutenei murrizteko asmoa duen edo ongizate Estatua jarriko duen lehentasun gisa.
Laportarentzat "lotsagarria" izan da debatea
Joan Laporta SI alderdi independentistaren hautagaiarentzat "lotsagarria" izan da TV3n eman duten debatea: "Lotsa nazionalaren debatea. Beteko ez dituzten konpromiso gehiago. Gezur gehiago. Orain ulertzen dut zergatik ez zuten nahi Solitaritat han egotea".