Politika -

Jaurlaritzaren inkesta

Herritarren % 75ek ez dute konfidantzarik alderdi politikoengan

Politikarekiko interesa eta albiste politikoen jarraipena emakumeen artean gizonen artean baino txikiagoa da, Ikuskerak Jaurlaritzaren txostenaren arabera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Politikarekiko interesa eta albiste politikoen eguneroko jarraipena emakumeen artean gizonen artean baino txikiagoa da Euskal Autonomia Erkidegoan. Interes hau txikiagoa da hemen Espainiako edo Kataluniako emakumeen artean dagoena baino, Ikuskerak txostenaren arabera.

Gizonen eta emakumeen artean oinarrizko jarrera politikoen inguruan aztertzea da Ikuskerak txostenaren helburu nagusia.

Besteak beste, politikarekiko interesa, sozializazioa eta parte-hartze politikoa, eta hauteskunde portaera ikertzen ditu.

Dokumentuaren arabera, azken bost urteetan politikarekiko interesa herritarren artean jaitsiz joan da, "baina neurri handiagoan gizonen artean", generoen artean ohikoa zen aldea txikiagoa bihurtuz.

Bestalde, emakumeek politika gaiak gizonek baino okerrago ulertzen dituztela diote, %17k ondo ulertzen dituzte eta %39k hala-hola, aldiz gizonen artean %32k eta %34k, hurrenez hurren. Politikari buruz gizonek baino gutxiagotan hitz egiten dutela ere badiote.

Politikarekiko oso edo nahikoa interesaturik dauden EAEko emakumeek gai politikoak baldintza beretan dauden gizonek beste edo hobeto ulertzen dituzte, ikerketa honen arabera.

Oro har, alderdi politikoekiko konfidantza berdintsua da emakumeen eta gizonen artean, soilik %18k du gehienbat konfidantzarako joera bi kasuetan eta konfidantzarik ez izateko joera dutenak %74 dira emakumeen artean eta %77 gizonen artean.

Adina igo ahala, alderdi politikoenganako konfiantza igotzen da bai emakumeen bai gizonen artean (konfiantza ehunekorik altuena 64 urtez gorako emakumeen artekoa izanik, %29k konfiantza izatera jotzen dute).

Bestalde, politikarekiko interesa igo ahala, alderdi politikoenganako konfiantza ere igotzen da. Azken joera hau nabarmenagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.

EAEko emakumeak ardatz ideologikoaren zentro-ezkerrean kokatu dira (4,4 puntu 0tik 10erako eskalan, non 0ak ezker muturra eta 10ak eskuin muturra esan nahi duten), gizonak baino pixka bat eskuinerago (4,1 puntu), urte guzti hauetan zehar mantendu den joerari eutsiz.

Emakume gazteak dira ardatzean ezkerrerago kokatu direnak eta, aldiz, 64 urtez gorakoak dira eskuinerago kokatu direnak nahiz eta ez diren 5 punturaino iristen.

Abertzale sentimenduari dagokionez ez da generoaren araberako alderik antzematen, bai emakumeak nola gizonak eskalako posizio ertainetan kokatu dira (4,9 eta 5 puntu, hurrenez hurren).

Emakume eta gizon gazteen artean ez dago alderik sentimendu abertzaleari dagokionez, aldiz, 64 urtez gorako emakumeak euren adineko gizonak baino abertzaleagoak dira. Politikarekiko interesa gehitu ahala, euskal nazionalismoa ere

Azkenik, emakumeak gizonak baino gehiago joaten dira botoa ematera, eta euren botoa "leialagoa" da, Jaurlaritzak zabaldutako dokumentuaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea