Politika -

Botorako asmoa

EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak bi eserleku gehiagorekin

Eusko Jaurlaritzak egiten duen soziometroaren arabera, EH Bildu bigarren indarra izango litzateke 18 eserlekurekin. PPk bi aulki galduko lituzke eta Ciudadanosek diputatu bat izango luke.

Eusko Legebiltzarreko artxiboko argazkia. Argazkia: EFE.
Eusko Legebiltzarreko artxiboko argazkia. Argazkia: EFE.
EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak bi eserleku gehiagorekin

1:15

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak egiten duen soziometroaren arabera, EAEn orain izango balira hauteskundeak EAJk irabaziko lituzke berriro, bi eserleku gehiagorekin eta % 1,5eko boto-asmo handiagoarekin; PP, berriz, zazpi aulkirekin geldituko litzateke, bi eserleku galduta.

2018ko martxoko boto-asmoaren inguruko soziometroaren datuen arabera, EH Bildu bigarren indarra izango litzateke 18 eserlekurekin (orain dituen aulki kopuru berdina); Elkarrekin Podemosek 10 eserlekurekin geldituko litzateke (1 gutxiago); PSE-EEk 9 lortuko lituzke berriro; PPk 2 galduko lituzke (7rekin geldituko litzateke), eta Ciudadanos lehen aldiz sartuko litzateke Gasteizko Ganberan, diputatu bat lortuta.

Aurreikuspenaren arabera, EAJk eta PSE-EEk gobernatzeko akordioa berretsiko balute, gehiengoa izango lukete 75 legebiltzarkideetako 39 lortuta. Aurreko soziometroak ere, aukera hori jasotzen zuen, baina jeltzaleen eserleku bat gutxiagorekin.

Datu horien harira, EAJk gora egin luke boto-asmoari dagokionez, % 38,8raino iritsita.

EH Bildu zazpi hamarreko irabaziko lituzke (% 21,8), Elkarrekin Podemosek 1,5 puntu galduko lituzke (% 12,9), PSE-EE lau hamarren irabaziko lituzke (% 12,2), PPk 1,5 galduko lituzke (% 8,6) eta Ciudadanosek botoen % 2,9 lortuko lituzke, Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetan baino 9 hamarren gehiago, hain zuzen.

2017ko urrian Eusko Jaurlaritzak egindako soziometroarekin alderatuta, EAJk eserleku bat irabaziko luke hauteskundeak gaur egingo balira; EH Bildu aulki kopuru berarekin geldituko litzateke, baina sei hamarren galduko lituzke; Elkarrekin Podemosek egun dituen hamar aulkiei eutsiko lieke, bi hamarren gutxiagorekin; PSE-EEk 9 izaten jarraituko luke, bi hamarren irabazita; PPk bi eserleku galduko lituzke, botoen % 1,2 galduta, eta Ciudadanosek aulki bat irabaziko luke, 7 hamarren irabazita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Araba Eusko Legebiltzarra argazkiak EAE albisteak EAEko hauteskundeak 2024 EH Bildu Nafarroa PSE-EE Bizkaia Euskadiko PP Euskadiko Ciudadanosi buruzko albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Hauteskundeak gaur Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak