Politika -
KATALUNIA
Botere Judizialaren Kontseiluak babesa eskatu du Llarena eta bere familiarentzat
Asteburuan Arran gazte taldeak pintaketak egin ditu Auzitegi Goreneko epaileak Gironako Das herrian duen etxebizitzan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailea eta haren familia babesteko neurriak eskatu dizkio Barne Ministerioari, hain zuzen ere, Arran gazte taldeak Pablo Llarenak Gironako Das herrian duen etxebizitzan pintaketak egin ostean.
Horrez gain, Kataluniako gainerako epaile eta magistratuentzako babesa ere eskatu du.
Pintaketa horietan ondorengo mezuak irakur daitezke: "Llarena faxista, ez Dasen eta ez beste inon" eta "Herrialde Katalanak zure infernua izango dira".
Espainiako Barne Ministerioari ez ezik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak gertaeraren berri eman dio Estatuko Fiskaltzari deliturik egin den ala ez ikertu dezan.
Bestalde, lasaitasunerako deia egin dio Kataluniako jendarteari, ebazpen judizialekiko desadostasuna "bide baketsuen bitartez eta legearen baitan" erakutsi dezaten.