Politika -
Transferentziak
Lan Ikuskaritza uztailaren 1a baino lehen transferitu nahi dute
Estatua-Euskadi Aldebiko Lankidetza-batzordeak lehen pausoak eman ditu eskuduntzen pakete berri bat Euskadira ekartzeko uztailaren 1a baino lehen.
Erredakzioa
Estatua-Euskadi Aldebiko Lankidetza-batzordeak lehen pausoak eman ditu gaur uztailaren 1a baino lehen eskumen pakete berri bat Euskadira ekartzeko, besteak beste, Lan Ikuskaritza transferentzia.
Manuel Chaves Lurralde Politikako ministroa eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua bildu dira Lehendakaritzan.
Batzorde tekniko txostengileak osatzeko balio izan du bilerak, 2011ko lehen seihilekoko eskumenak transferitu ahal izateko, besteak beste, lan ikuskaritza, lan-araudia, itsas eta ibai garraioa, errepideko garraioa, ikasketen baliozkotzea, Estatuko artxiboen titulartasuna edo erlijio irakasleak.
Aurrekontuetako ituna
Eskumenak uztailaren 1a baino lehen Euskadin izango direla gogorarazi du Chavesek, EAJk eta PSOEk aurrekontuetako itunean adostutako egutegia betez.
Zentzu horretan, EAJk eta PSOEk urrian akordio hori sinatu baino lehen, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egutegi bat finkatu zutela ohartarazi du Aresek, "EAJk transferitzeke dauden eskumenei babesa ematearekin guztiz osagarria bada ere".
Horrela, EAJrekiko "autonomia" aldarrikatu dute bi gobernuek, transferitzeke diren eskuduntzak Euskadira ekartzeko garaian.
Gernikako Estatutua osatzeko Jaurlaritzaren ahaleginak eta lana nabarmendu egin ditu Aresek. Horren haritik, Herrizaingo sailburuak iragarri du urtarrilean Aldebiko Batzordea berriro bilduko dela beste eskumen batzuk onartzeko. 2011ko lehen seihilekoan Euskadik beste sei eskuduntza gehiago kudeatzea da asmoa.