Politika -
MADRIL
Cifuentesek masterrari buruzko azalpenak eman beharko ditu gaur Madrilgo Asanblean
Oposizioak behartuta eta 13 egunez isilik egon ostean, Madrilgo erkidegoko presidenteak Juan Carlos erregea unibertsitatean egindako masterraren inguruan argibideak eman beharko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina Cifuentes Madrilgo erkidegoko presidenteak agerraldia egingo du asteazken honetan Madrilgo Asanblean, oposizioak eskatuta, Juan Carlos erregea unibertsitatean egin zuen masterraren inguruan sortu den polemikaren harira azalpenak emateko. Horrela, 13 eguneko isiltasunari amaiera emango dio.
Eldiario.es agerkariak duela bi aste argitaratu zuenez, Cristina Cifuentes Madrilgo presidenteren masterreko espediente akademikoan irregulartasunak zeuden. Zehatz-mehatz esanda, zenbait ikasgaitako notak faltsutu zirela ziurtatu zuen.
Juan Carlos erregea unibertsitatearen izenean, Javier Ramos errektoreak eta masterreko bi katedratikok azalpenak eman zituzten prentsaurrean eta guztia akats bat izan zela ziurtatu zuten. Ildo horretan, Cifuentesek ikasgai guztiak gainditu zituela azpimarratu zuten.
Egun horretan bertan Cifuentesek ohar bat bidali zuen hedabideetara bere burua defendatuz. Halaber, zenbait dokumentu ere atxiki zituen, esaterako, notak eta Master Amaierako Lana aurkeztu zueneko akta.
Gerora, Cristina Cifuentesek Ignacio Escolar eldiario.es agerkariko zuzendariaren eta Raquel Ejerique kazetariaren aurkako kereila kriminala iragarri zuen.
Polemika horren harira, Madrilgo Asanbleako Podemos eta PSOEk Cristina Cifuentesen agerraldia eskatu zuten, azalpenak eman zitzan. Oposizioak presidentearen agerraldia behartzen duen lehen aldia da.
Masterreko akta faltsua da, ElConfidencialen arabera
Cristina Cifuentesek erakutsi zuen masterreko aktan ageri diren hiru sinaduretako bi gutxienez faltsuak direla argitaratu du ElConfidencial agerkari digitalak. Iturri horren arabera, akta hori balizko irregulartasunei buruzko informazioa argiratu baino ordu batzuk lehenago egin zen.
Agerkariak unibertsitate barruko iturriak ere aipatzen ditu. ElConfidencialen arabera, martxoaren 21ean egin zuten aipaturiko akta hori.