Politika -
ETA-ren ARMAGABETZEA
ETAren desegiteak 'argia eta atzeraezina' izan behar duela esan du Fernandezek
Eusko Jaularitzako Bake eta Bizikidetza idazkariaren esanetan, amaiera 'argia' izatea ezinbestekoa da elkarbizitza eraikitzeko.
ERREDAKZIOA
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak esan du ETAren desegiteak "argia, aldebakarrekoa eta atzeraezina" izan behar duela. Horren hitzetan, "kontrapartidarik" ezin da egon erakundea desagertzearen truke.
Gaur urtebete entregatu zituen armak ETAk, Frantziako Poliziaren esku utzita, eta horren harira hitz egin du Fernandezek gaur Radio Euskadin.
"Datozen asteotan eta hilabeteotan" gertatuko denaren inguruan "informazio ugari filtratzen" ari dela, eta horien arabera, ETAren desagertzea "behingoagatik, atzeraezina" izango dela gaineratu du Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak. "Hala izan dadila. Indarkeria aroa amaitzeko eta bizikidetza eraikitzeko beharrezko urratsa izango da", zehaztu du.
Azken hilabeteotan Frantziak kartzela politikan emandako urratsak begionez ikusten ditu Fernandezek. Frantziak bederatzi preso hurbildu ditu Euskal Herrira, eta hori "bide ezberdin baten erakusle da". "Espainiako Gobernuak ez bezala, Frantziak aldaketa nabarmena eman du", Bake eta Bizikidetza idazkariaren hitzetan.
Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean kartzela politikari buruz hitz egiteko "elkarrizketa zabalik" dagoen arren, Espainiak "oraingoz" ez duela "borondaterik" erakutsi nabarmendu du. "Pena bat da Espainiako Gobernuak euskal gizartearen gehiengoaren eta erakundeen eskariak ez entzutea", zehaztu du.
Elkarbizitza
Elkarbizitzaren alde lan egin behar dela esan du Fernandezek, baina "oinarri sendoak" ezarrita. Gatazkaren aldeen arteko "hurbilketa" landu behar dela, eta familia politiko guztiek iraganari buruzko "gogoeta kritikoa" egitea beharrezkoa dela uste du.