Politika -
Open Government Partnership
Euskadi, Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Batasunaren kide
Aukeratutako hautagaitza Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak eta EAEko hiru hiriburuetako udalek osatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Batasunak (Open Government Partnership-OGP) Euskadi aukeratzeko erabakia hartu du arratsaldean. Horrela, mundu osoko 20 eskualdeetako bat izango da Gobernu Lokalen Programan.
Aukeratutako hautagaitza Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak eta EAEko hiru hiriburuetako udalek osatu dute, Iñigo Urkulluren Exekutiboak jakitera eman duenez.
OGP nazioarteko erakundea erreferentzia bat da mundu mailan. Erakundearen helburua gobernu “irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentiberagoak” sustatzeko mekanismoak aztertzea eta garatzea da.
EAEko erakundeen proposamen bateratua gobernu lokalen programarako aukeratu izanagatik “eskerrak” eman dizkio lehendakariak Aliantzari, “gobernu hobe bat lortzeko egindako bidea berretsi duelako”.
OGP 2011an sortu zuten NBEko Asanblada Nagusia bildu ondoren. Zuzendaritza batzordea 22 kidek, 11 gobernuk eta gizarte zibileko 11 erakundek osatzen dute egun.
OGPren Gobernu Lokalen programan beste bost kide hautatu ditu erakundeak orain. Lehen 15 ziren, baina 20ra pasatzea erabaki zuten, tokian tokiko gobernuen kasuistika hobeto aztertzeko.
Horrela, EAEk aurreneko 15 kideekin bat egin du: Austin, Ontario, Jalisco, La Libertad (Peru), Sao Paulo, Madril, Paris, Eskozia, Tbilisi (Georgia), Buenos Aires, Sekondi- Takoradi (Ghana), Elgeyo Marakwet (Kenya), Kigoma Tanzania, Bojonegoro (Indonesia) eta Seul.