Politika -

Hauteskundeak Katalunian

Zapaterok eta Rajoyk euren hautagaiak babestu dituzte kanpainan

Montillarekin "gauzak serioan" doazela azpimarratu du Gobernuko presidenteak. Bestalde, Espainiako aldaketa politikoa "Katalunian hasiko" dela adierazi du Rajoyk.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak eta Mariano Rajoy PPko presidenteak Jose Montilla (PSC) eta Alicia Sanchez-Camacho (PP) hautagaiak babestu dituzte gaur hauteskunde-kanpainako ekitaldietan, izan ere, Kataluniako kanpaina azken txanpan sartu da.

Kataluniako finantzaketa eredua "sekula ez" dutela "hobetuko" onartu du Gobernuko presidenteak, historian izan duen onena delako. Zapateroren hitzetan, Artur Masek (CiU) hitzak eskaintzen ditu soilik, Montilla, ostera, "gauzak serioan" doazela ikusteak ematen duen indarrarekin aurkeztu da hautesleen aurrean.

Gainera, politika sozialekin jarraitzea jokoan dagoela ohartarazi die kataluniarrei Zapaterok, izan ere, CiU boterera heldu ezkero ongizate Estatua desegin daitekeela esan du.

PSCren hauteskunde-kanpainaren ekitaldi nagusian parte hartu du Zapaterok, jendez lepo zegoen Palau Sant Jordin. Antolatzaileen arabera, 20.000 lagun bildu dira Sant Jordin.

Gonzalez

Era berean, Felipe Gonzalez Gobernuko presidente ohiak ekitaldian parte hartu du. PPko agintarien aurka egin du Gonzalezek, "Espainiak porrot egitea berdin zaielako", Zapatero boteretik kentzeko "guztia balio" duelako.

Bestalde, hauteskunde orokorretan bere aldeko botoa eman zuten eta hurrengo hauteskundeetan bozkatuko duten kataluniarrei dei egin die Mariano Rajoy PPko buruzagiak. PPCko hautagaia babesteko eskatu die Rajoyk, Espainiako aldaketa politikoa "Katalunian hasiko delako".

PPren hauteskunde-kanpainako ekitaldi nagusian egin ditu adierazpenak Rajoyk. Milaka lagun bildu dira L''Hospitalet Nordeko pabiloian Alicia Sanchez-Camacho hautagaiari babesa emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea