Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Jauregui: 'Porrotak ez du giro aldaketa aurrez ikusten Espainian'

Presidentzia ministroak esan du oraindik ere EAJ lehenesten duela Kongresuan akordioak lortzeko, baina prest agertu da aliantza CiUri ere zabaltzeko, betiere Kontzertu Ekonomikoa hizpide hartu barik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ramon Jauregui Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak ziurtatu du Kataluniako hauteskundeek "berezko ezaugarriak" dituztela, eta beraz, sozialisten porrotak ez duela esan nahi hauteskunde orokorretan ere aldaketa jazoko dela. "Hauteskunde giroa sortzeke dago oraindik", adierazi du.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, Jaureguik aitortu du CiUri mesede egin diola Kataluniako gizarteak zuen "aldaketa bultzadak", eta horrek kalte egin dio Jose Montillaren PSCri. Halaber, "leku guztietako Gobernuek" bezala, Kataluniako Exekutiboak ere krisiaren ondorioak pairatu dituela gogorarazi du.

Bestalde, Jaureguik ohartarazi du Artur Masen alderdiaren garaipenak ez duela "aldatuko" egungo finantziazio autonomikoaren eredua, eta ez dutela negoziatuko balizko Kontzertu Ekonomiko bat CiUk Kongresuan babesa ematearen truke.

Hauteskundeen emaitzek Kongresuko indar orekan izan lezaketen eraginari dagokionez, ministroak esan du EAJrekin eta CCrekin "Aurrekontu oreka" lortu dutela, baina ez dio uko egin aliantza hori "zabaltzeari".

"Igande honetatik CiU elkar ulertzeko prest agertzen bada, aukeraz baliatuko gara", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea