Politika -
Eusko Legebiltzarra
Legebiltzarreko taldeen erreakzioak biktimen dokumentuari
Erredakzioa
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkidearen ustez, "aurrera egiteko aukera" zabaltzen du dokumentuak. "Mugatua eta kontraesankorra" dela uste du jeltzaleak, baina "onargarria" dela gaineratu du. Urtea bukatu aurretik egutegia egiteko proposamena luzatu du, biktima hauen aitorpena bideratzeko neurriak zehazteko helburuarekin.
Bestalde, PSEko Jesús Lozak esan du hartu beharreko neurriak erabakitzeko hitzarmena beharrezkoa dela. Gai honen inguruan lortu duten "adostasunaren garrantzia" ere goraipatu du Lozak. Carlos Urquijo PPko ordezkariak nabarmendu du gaur aurkeztutako dokumentua aurreko Gobernuak egindakoa baino "hobea dela". Hala ere, 1977-1985 epeko "Gobernuen jarduera zalantzan jartzea" gogor kritikatu du popularrak. Gai honen inguruan batzorde bat sortzea baztertu du.
Aralarreko bozeramaile Aintzane Ezenarrok lana aurkezteko izan den "atzerapena" kritikatu du. Taldeei "erantzukizunez jokatzeko" eskatu die, "biktima horiek ere merezi dutelako, besteen eskubide berdinak izan ditzaten". Hala ere, torturen gaian gehiegi ez dutela "sakondu" esan du Ezenarrok.
Juanjo Agirrezabalaren (EA) ustez, txostenari "zehaztasuna" falta zaio. "Gaiaren larritasun mailak gehiago eskatzen du", gaineratu du EAko legebiltzarkideak. Hala ere, gai honetan laguntzeko "borondatea" ere adierazi du. Testua "berandu" aurkeztu dutela esan du Mikel Aranak (EB). Bat datozen puntuetatik abiatuz gainerako taldeekin lan egiteko garrantzia ere azpimarratu du.
Aurreko dokumentua "hobetu" egin dela uste du UPyDko Gorka Maneirok. Hala ere, "bi indarkerien teoria" ez zabaltzeko exijitu du.