Politika -

Herrizaingo Saila

Ertzaintza berrantolatuko du Jaurlaritzak herritarrengana hurbiltzeko

ETA behin betiko desagertzen denean Terrorismoaren aurkako Informazio Dibisioko agente kopurua "mugatu" beharko dutela onartu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza Berrantolatzeko eta Modernizatzeko Egitasmo bat prestatu du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Helburua Ertzaintza herritarrengana hurbiltzea eta udaltzaingoekin lankidetza estuago bat izatea da.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko dagokion Batzordean, egitasmoa jakitera emateko. Aresek adierazi duenez, Ertzaintza XXI. mendeko gizartean kokatzea du xede planak.

Egitasmoan, Herrizaingo Sailak terrorismoaren balizko amaiera bat du hizpide eta ETA behin betiko desagertzen denean Terrorismoaren aurkako Informazio Dibisioko agente kopurua "mugatu" beharko dutela onartzen du. Horrela, unitate hori Polizia Kriminalaren Dibisioaren menpean geratuko litzateke.

Era berean, terrorismoa bukatzen denean Ertzaintza bera babesteko neurriak berriz aztertu beharko dituztela onartu du Aresek.

Bizkartzainen zerbitzuak pixkanaka-pixkanaka behera egingo duela iragarri du Herrizaingo sailburuak. Indarkeria matxista pairatzen duten pertsonak eta terrorismoak mehatxaturiko lagunak zaintzera bideratuko dituzte agente horiek.

Hurbiltasuna

Berrantolatzearen oinarrizko printzipioetako bat Ertzaintza herritarrengana ahalik eta gehien hurbiltzea izango litzateke. Herritarren salaketak kalean tramitatzeko patruilak ezarri nahi ditu Sailak, herritarrak polizia-etxeetara joan beharrik ez izateko.

Herritarrak artatzeko bulegoak martxan jarri nahi ditu Jaurlaritzak espazio publiko zein pribatuetan, jendez lepo izaten diren tokietan, merkataritza-guneetan esaterako.

Ekitaldi jendetsuak eta pertsona ugari biltzen dituzten ekintza edo gertakariak artatzeko unitate mugikorrak izatea planteatzen du egitasmoak, jaietan, kirol ekitaldietan edo kostaldeko zonatan (udan) zerbitzua emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea